Abian da Aidean boleibol kluba

Intza Trula 2023ko ekainaren 23a

Aidean klubeko taldekideak. (Aidean boleibol kluba)

Aidean boleibol kluba sortu dute Zarautzen, eta gaur egun hamahiru taldekidez osatutako nesken eta mutilen talde bana dituzte. Irailean klubaren aurkezpen ofiziala egitea da asmoa. 

Jubenil mailatik aurrera boleibolean jarraitzeko aukera izateko beharrak bultzatuta sortu zuten Aidean boleibol kluba, sortzaileetako batek adierazi duenez. Eskolaz kanpoko jardueretan 17 urte bitarteko haurrek eta gazteek boleibolean jokatzeko aukera badute ere, hortik aurrera klub batean federatu behar da lehiatzen jarraitzeko.

Duela bi urte, eskolaz kanpoko orduetan euren kabuz entrenatzen hasi zen haur talde bat, eta, urtebetera, guraso bat batu zitzaien entrenatzaile modura. Pixkanaka, partaide kopurua hazten joan zen, eta proiektua «serioago» hartzeko beharra ikusi zuten parte hartzaileen hainbat gurasok.

Gaur egun, bi talde ditu klubak; bata neskena, eta bestea mutilena –bakoitza hamahiru taldekidez osatua–. 12 eta 17 urte bitarteko haurrak dira guztiak, eta lagunarteko saioak eta txapelketak jokatu dituzte jada.

Zazpi guraso aritzen dira klubaren antolakuntzan lanean, eta aurrera begira, euren asmoetako bat "datorren urtean Zarauzko Kirol Elkartearekin bat egitea" dela azaldu dute. 

Horrez gainera, Lizardi institutuko boleibol taldea ere klubaren parte izatera pasatuko dela adierazi dute: "Federatzeko eta fitxak izateko beharra dute lehiatzen jarraitzeko. Horregatik, gure klubarekin bat egingo du taldeak aurki".

Kluba martxan dagoen arren, oraindik ez dituzte bertako taldeak ofizialki aurkeztu, eta antolatzaileek azaldu dute «irailean taldeen eta logoaren aurkezpen ofiziala» egiteko asmoa daukatela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide