Adin guztientzako ekitaldiak antolatu dituzte aurten ere Zelai Ondoko Jai Batzordeko kideek. Etxeko txikienei begirada berezia eskaintzen diete, eta atzo, lehen egunean, irristaketako jolasak egin zituzten, ZKEko Irristaketa taldearen eskutik. Gaur, berriz, marrazketa txokoa eta puzgarriak izan dituzte, eta bihar auzoko lasterketak izango dituzte.
Gainerakoan, parrilla herrikoiak bere arrakasta izaten du, eta aurten ere ez du hutsik egin. Oilasko hegoak eta hanburgesak erosteko ilara egin dute zintzio-zintzo auzoko bizilagunek eta herritarrek. Eta musikarik ez da falta izan. Zer dira festa batzuk musika gabe: atzo JTA elektrotxarangak eta DJ Bonek girotu zuten pista gorria. Gaur, Fan&Go taldearen txanda izango da.