Badirudi betidanik hortxe egon dela, baina Imanol Urbieta Udal Musika Eskolak datorren irailean beteko ditu hamar urte. Urteurren biribila ospatzeko, ikasleen eta herritarren arteko sinbiosia sustatu nahi dute, eta larunbat goiz-eguerdian herriko kaleak musikaz jantziko dituzte, «ikasitakoa erakusteko». Halaxe azaldu dute Marina Lertxundi Arizeta musika eskolako zuzendari pedagogikoak eta Iosu Isasti Zarauzko Musika Bandako zuzendari nahiz musika eskolako kudeatzaileak.
Musika bandak harreman zuzena izan du musika eskolaren sorkuntzan eta bilakaeran. Atzera begirakoa eginez, betidanik entseatu du Villa Mundako lehen solairuan, eta garai batean beheko solairua baliatzen zuen musikariak trebatzeko; horretarako dirulaguntza jasotzen zuen Zarauzko Udaletik. Urte askoan «modu prekarioan» aritu ostean, musika eskola baten beharra jarri zuten mahai gainean; izan ere, gainerako herrietan jada 25 edo 30 urteko ibilbidea zuten eskolak zeuden. Hala, 2013an, egun ezagutzen den Imanol Urbieta Udal Musika Eskola sortu eta abian jarri zuten.
"Ordura arte Villa Mundako eskolaz arduratzen ginenez, udalak proposatu zigun ea musika eskola berriaren kudeaketaz arduratuko ote ginen. Guk argi utzi genuen musika banda bat ginela, eta ez enpresa bat, baina egingo genuela», zehaztu du Isastik. Musika eskolako langile guztiak "musika bandaren aterki azpian" daude, eta horrela funtzionatu du hamar urtez.
Eskolaren gidaritza lehiaketa publikoz adjudikatzen dute hiruzpalau urtetik behin, eta edonor aurkez daiteke. "Ez dakit norbait gehiago aurkezten den lehiaketara. Normalean, enpresek parte hartzen dute diru irabaziak lortzeko, eta hori ez da gure helburua. Gure aurrekontua langileei ordaintzeko bakarrik da. Beraz, enpresa bati ez dut uste interesatuko zaionik". Izatez, Inaxio Etxeberriak, Jorge Aristik eta Iosu Isastik osatutako lantaldea da, Marina Lertxundirekin batera, zentroa kudeatzen duen "boluntario taldea".
Musika bandak gidatuko bazuen ere, argi eta gabi zuten bandak jasotzen ez zituen musika tresnak barnebilduko zituztela musika eskolan: biolina, gitarra klasikoa eta elektrikoa, baxua, pianoa, trikitia, panderoa, txistua... "Udal musika eskola bat izan behar zuen bere osotasunean, aukera eman behar genien guztiei. Pena zen, baina jendea sasoi batean Oriora joaten zen biolina ikastera. Horrez gain, herritar batzuk mesfidatiak izan ziren hasieran, eta pentsatzen zuten haizezko instrumentuak lehenetsiko genituela musika bandak kudeatuko zuelako eskola. Inondik inora ere ez! Musika tresna guztiak ditugu eskura, eta edozein herritar etor daiteke ikastera. Horrez gain, musikoterapia ere eskaintzen dugu, oso garrantzitsua dena", aditzera eman du Lertxundik.
Musika eskolak Imanol Urbietaren izena darama, eta oso gustura daude eskolako kideak zendu aurretik zentroa ezagutu zuelako hark. "Askotan, halako omenaldiak pertsonak desagertu ostean egiten dira, eta, kasu honetan, bizi zela egin zioten aitortza. Hark lan asko egin zuen Zarautzen, eta haren omenez jarri zioten izena".
Erantzun eskerga
Musika bandako kideak diren arren, "musikazaleak" direla nabarmendu du Isastik, eta hori da herrian sustatu nahi duten giroa. Hamarkada bat geroago, "oso harro" daude egitasmoa bultzatu eta abian jartzeaz gain, ongi bidean delako. "Gurutzaldi abiadura hartu du honek, eta jada hamar urte bete ditu. Oso pozik gaude orain arteko ibilbidearekin". Baita herrian izan duen erantzun eskergarekin ere. Gaur egun pentsaezina da musika eskolarik ez egotea Zarautzen. "Udalean ere esaten digute musika eskola ez dela eztabaidarako gai bat. Guztiz onartuta dago", zehaztu du kudeatzaileak.
Edonola ere, eskolako kideei sentimendu bikoitza eragiten die zentroak lortu duen arrakastak. "Joan den astean izan genuen zozketa, eta agian ez ditugu izango behar adina plaza guztientzat". Denei ezin erantzun ahal izatea ez dela samurra eta ezezkoa ematea ez zaiela gustatzen adierazi dute, baina, aitzitik, eskaera existitzen den seinale dela hori. "Oso tristea izango litzateke 50 lagunentzako tokia eduki eta bete ezinda ibiltzea. Bada, hain justu, guztiz kontrakoa gertatzen da. Zentzu horretan, pozik gaude". Ikasturtea, baina, luzea izaten da, eta mugimendu handia izaten denez, itxaron zerrendan geratzen direnak sartzen joaten dira. "Errotazioa izaten da. Azken finean, helburua da guztiek gozatzea musikarekin". Ezinbestekotzat jotzen dute, gainera, zuzenean aritzeko pizgarria eskaintzea urtean zehar egiten dituzten kalejiretan eta emanaldietan, taldean jotzeko.
"Musika eskola ez arautua da, beraz, handik igarotzen diren guztiek ez dute zertan izan espezialistak. Edozeinek musikaz gozatzeko tokia da. Oso ona dena kontserbatoriora joan daiteke, baina musika eskolan guztiak kabitzen dira", dio Lertxundik.
Hamargarren urteurreneko ekitaldiak, etzi
Imanol Urbieta Udal Musika Eskolak hamargarren urteurrena ospatuko du larunbatean. Hainbat ekintza antolatu dituzte «ilusio handiz», urtemuga herriko kaleetan «zarauztar guztiekin ospatzeko». Orain artean, ikasturte amaierako kontzertua eskaintzen zuten Aritzbatalde kiroldegian, baina aurten herrira eta herritarrengana hurbildu nahi dute lantzen dutena. Gainera, ez dute baztertzen datozen urteetan formatu berari eustea.
Etzi, 09:30ean egingo dute lehen ekintza; txistularien diana. Jarraian, 10:00etan, batukada izango da, eta ordu erdi geroago txarangaz gozatu ahal izango dute zarauztarrek. 11:15 aldera, kontzertua eskainiko dute Musika plazan, eta bukatzeko, 12:30ean, bigarren kontzertua emango dute Frontoi Txikin.