Ostegun arratsaldean Orainmenean izeneko bertso saioa eskainiko du Emakumeen Etxeak bere egoitzan. Bertsolariak 18:30etik 19:30era ariko dira kantuan, eta antolatzaileek zehaztu dute saioaren ardatza zer izango den ere: "Bertsolaritzan beti kontatu izan da gizonezko bertsolarien historia. Hala ere, iritsi zaizkigun izen handi horien atzean arakatuz gero, hainbat eta hainbat plaza-andreren arrastoak agertzen dira".
Txakur Gorria Sormen Kolektiboak sortu du egitasmoa, eta azaldu dutenez, "ahalegina egin da bertsolaritzaren hastapenetatik gaur arteko historia hori zalantzan jartzeko eta bertsolaritzaren genealogia feminista posible bat berridazteko, ikusezin izandakoak ikusaraziz".
Hiru bertsolari doako saioan
Alaia Martin, Miren Amuriza eta Uxue Alkorta ariko dira bertsotan –azken hori zarauztarra–, eta Amaia Agirrek jarriko dizkie gaiak. Bertsolariek genealogia horren parte diren datuak eta gertaerak izango dituzte kanturako abiapuntu, eta irudiak izango dituzte lagun.
Saioa doakoa izango da, baina toki mugatua dagoenez, tokia gorde daiteke aurrez deituta 943-00 51 36 telefono zenbakira, emakumeen-etxea@zarautz.eus helbidera idatzita edo Nafarroa kaleko 13. zenbakira gerturatuta.