El Salvadorren jokatu duten Munduko Surf Txapelketan parte hartu duten surflariek ohorezko postuetatik urrun amaitu duten arren, zarauztar batek zuzeneko eragina izan du azken emaitzan. Julen Lasa entrenatzaileak, zehazki; izan ere, txapelketa irabazi duen Alan Clealand surflari mexikarraren prestatzailea da.
Edonola ere, Clealandi eman dio meritu osoa Lasak Bat Basue Team taldearen komunikazio zerbitzuei eman dien elkarrizketan. Zarauztarrak azaldu duenez, "oso gutxi" moldatu dute mexikarraren surfa: "Betidanik izan da oso surflari handia, baina arazoak zituen estres momentuak teknikoki kudeatzeko eta horretan lagundu diogu". Lasak bi urte daramatza Clealandekin lanean eta hain justu horixe izan da denbora tarte horretan gehien landu dutena, alderdi mentala eta uretan erabakiak hartzeko gaitasuna.
Bada emaitza agerikoa izan da, zeren, txapelketa irabazteaz harago, txapelketa osoan puntuazio altuena lortu duen olatua finalean eskuratu du mexikarrak. 9.73 puntu eskuratu ditu olatu bakar batekin. Bi onenak aintzat hartuta, 18.23 puntu bildu ditu Clealand ek finalean, bigarren sailkatu den surflariak baino 2.06 gehiago.