Sei urteko etenaren ondoren, bueltan da Mefsst! Musika Errebolta Feminista jaialdia, eta datorren larunbatean ospatuko dute, Hiruputzu gaztetxean. Kontzertuetan emakumeek zuten "presentzia eskasak" elkartu zituen antolatzaileak: "Musikazaleak gara, eta gustuko dugun musika entzun, dantzatu eta sortu nahi dugu. Bide batez, hausnartzea ere nahi dugu. Izan ere, musika eszena askotan gizonezkoen presentzia handia da oraindik, eta nekatu egiten gaitu espazio hori okupatzeko modu esklusiboak", azaldu dute antolatzaileek. "Zenbaitetan, emakumeen, bolleren edota beste zenbait subjekturen falta sumatzen dugu taula gainean, publikoan, antolakuntzan edota tabernetan", jarraitu dute. Horregatik, musikaren arloari feminismotik begiratzen saiatu dira antolatzaileak. Aurten, jaialdiaren seigarren edizioan, ildo beretik joko dute.
Jo Mari jo! leloa darama aurtengo festak, eta horrek esanahi berezia du antolatzaileentzat: "Lou Olangua abeslaria gustuko dugu, eta hark egindako bertsio baten leloa izan zen Jo Mari jo. Horrela jarraitzen du kantak: Jo, dantza, ekin, bulla in mari, marimutil, marikoi, marizikin, marioker ta gogua emateizuen danok!". Hori aintzat hartuta jarri diote aurtengo edizioari leloa.
Jaialdia berreskuratzearen ideia duela hilabete batzuk otu zitzaien. "Orduan, lagun transfeminista musikazale batzuk bildu ginen zerbait antolatzeko gogoz. Kontzerturen bat, mahai ingururen bat edo antzeko zerbait egin nahi genuen, eta azkenean, jardunaldi-jaialdi transfeminista bat osatu dugu". Hain zuzen ere, apirilaren 29an girotze festa egin zuten Orion.
Egun osoko egitaraua
Jaialdiari Sortuz grabitatearen aurka solasaldiarekin ekingo diote, 11:00etan, eta ondorengoek parte hartuko dute saioan: Miren Narbaiza, Eneritz Furyak, Ainhoa Plaza (Nize)eta Intza Arakistain (Nize). Jarraian, 12:30etik aurrera, fanzine tailerra egingo dute, eta ordubete geroago, 13:30ean, Airuren kontzertua izango da.
15:00 aldera, bazkari legea egingo dute, eta bertaratu nahi dutenek mefsst6@gmail.com helbidera idatzi behar dute izena emateko; bazkarirako 10 euro edo ahal dena ordaindu behar da, eta izena emateko azken eguna gaur izango da. Bazkalostean, musika izango da, baita bingo jokoa ere.
Arratsaldetik aurrera, kontzertuek eta DJen emanaldiek hartuko dute Hiruputzu gaztetxea: Muare, Nize, Ginger, Zetkin, Leire DJa, Oihana DJa eta Sweet Pineapple DJa ariko dira zuzenean, 19:00etan hasita. Sarreran 10 euro edo ahal duena ordaindu beharko du bertaratzen denak.
2013an hasi ziren Zarauzko Putzuzulo gaztetxean Mefsst! egitasmoa antolatzen, tartean geldialdiak egin badituzte ere, "bizitzaren inertziak eta bestelako arrazoiak tarteko". Mefsst! Musika Errebolta Feministaren bosgarren edizioa antolatu zutenean, "asko dantzatu, gozatu, hausnartu eta ikasi" zutela adierazi dute antolatzaileek, eta "esperientzia gozo" horretatik abiatuta antolatu dutela aurten seigarren edizioa.