"Ez gara besteak baino gutxiago sentitzen"

Maria Maya Manterola 2023ko maiatzaren 12a

Usoa Ostolaza txirrindulari zarauztarra. (Maria Maya Manterola)

Espainiako Itzulitik erretiratu egin behar izan du Usoa Ostolazak (Zarautz, 1998), baina dagoeneko osatu da gaur bertan hasiko den Itzuliari heltzeko. Lasterketa «bereziak» izango dira harentzat.

Espainiako Itzulian parte hartu duzu, baina erretiratu egin behar izan zenuen laugarren etapan.

Bai, gastroentiritisak jota erretiratu nintzen. Buelta eman diot, baina taldeko zuzendaria zalantzan egon da azken momentura arte; ez zekin Euskal Herriko Itzulian parte hartzeko prest izango nintzen. Orain hobeto sentitzen naiz, baina lehengo astean gaizki egon nintzen; pisua galdu nuen, jaten nuena botatzen nuelako. Orain ondo ari naiz jaten, baina baieztatu nahi zuen % 100 errekuperatu naizela eta galdutako pisua berreskuratu dudala. Taldeko medikuarekin baloratu dute.

Iaz egin zenuen debuta World Tourrean. Zer espero duzu aurten?

Geroz eta talde gehiago daude zirkuituan, eta profesionalizatuagoa dago. Ez dago gizonezkoenaren parean, baina bide horretan doa, bai egitura aldetik, baita funtzionamenduari dagokionez ere. Gure taldeak [Laboral Kutxa] salto handia eman du: txirrindulari gehiago gaude taldean, eta maila igo egin da; babesleen aldetik ere, material hobea daukagu, eta oro har, hobeak dira baliabideak. Horrekin batera, lasterketa garrantzitsuetan parte hartzeko aukera izan dugu aurten, eta taldearen exijentzia igo egin da. Gure korritzeko modua ezberdina da, orain talde bat bezala funtzionatzen dugu: azken ihesaldietan sartzen gara, eta uste dut mundu mailako lasterketa batean postu on bat lor dezakegula. Ez gara besteak baino gutxiago sentitzen; irabazteko lehian sentitzen gara. 

Zer ematen dio Usoak taldeari? Eta taldeak Usoari?

Taldeak niri asko ematen dit. Besteengandik asko ikasten dut; hirugarren denboraldia dudan arren, berria sentitzen naiz kirol honetan, eta asko laguntzen didatela uste dut. Hobetzen joan ahala, nik ere taldeari lagun diezaiokedala sentitzen dut. Taldekide bakoitzak rol bat du; nirea laguntzailea edo gregarioa izatea da. Saiatzen naiz ihesaldietan sartzen, tira behar denean tiratzen, liderra babestuta eramaten eta autora jaisten botilaren bila… Taldean umore ona jartzen dudala uste dut, eta garrantzitsua da hori, egun asko pasatzen ditugulako batera. Lehiatik kanpo ere saiatu behar da gure artean giro ona edukitzen. 

Talde bezala, zein da zuen estrategia lasterketetan?

Faktore askok baldintzatzen dute hori: portuek, lasterketaren luzerak, amaierak… Baita parte hartzen duten txirrindulariek ere. Baina garrantzitsua da taldea bat eginda joatea tropelean elkarren alboan, datorrenari erantzuteko prest egoteko.  

Zer lasterketatan gozatzen duzu gehien?

Lasterketa gogorrak gustatzen zaizkit; iraupenez luzeak eta gogorrak direnak, alegia. Portu asko eta motzak baino nahiago ditut bizpahiru portu luze. ‘Diesela’ naizela esaten dut, eta hobeto datozkit halako probak. Bueltak ere gustuko ditut, eta taldekako erlojupekoak ere bai. Oso hunkigarriak dira. 
Iaz ezin izan zenuen Itzulia amaitu.

Lehen etapa egin eta erretiratu egin nintzen, COVID-19aren proban positibo eman nuelako. Goizetik sentitzen nintzen gaizki, eta helmugara iritsi bezain laster antigenoen proba egin zidaten. Oraingoan ere justu samar heldu naiz gastroentiritisari buelta ematera. 

Epe luzera, ba al duzu erronka pertsonalik?

Oraingoz txirrindularitzan jarraitu nahi dut. Gustura nago hartu nuen erabakiarekin eta ahal beste probetxu atera nahi diet urte hauei, baina noizbait triatloira itzultzea ere gustatuko litzaidake. Giroan edo Tourrean parte hartu nahiko nuke, txirrindulari guztiok amesten ditugun lasterketak baitira. Talde honetan jarraituta, behintzat, posible ikusten dut epe motzean parte hartzea. 

Zein da Itzulian taldearen helburua?

Espainiako Itzulian bezala korritzea, ihesaldietan protagonismoa lortzea eta talde bezala nabarmentzea. Taldeak amaieran emaitza ona lortzearekin oso konforme geundeke. 

Bi gurpilen gainean ez ezik, duatloian eta triatloian ere aritua zara. Zer ematen dizu bakoitzak?

Triatloiaren falta sumatzen dut. Bakarkako kirola da; norberaren gain dago ardura guztia. Egun txarra badaukazu, zure buruari bakarrik egiten diozu kalte. Triatloian norberak jartzen du erritmoa, bakoitzak antolatzen du lasterketa guztia, nahiz eta aurkariek baldintza dezaketen. Txirrindularitzan, berriz, guztia desberdina da; zure lanak taldeari eragiten dio, haren parte zarelako. Ez dakizu noiz joko duzun erasoaldia, esaterako. Gainera, triatloian dena bakarrik egiten da distantzia luzeetan, eta mentalki gogorragoa da; posible da hilabete batean proba bakarra egitea. Txirrindularitzan, bestalde, egun askotan lehiatzen da. Dena dela, taldean poza ere handiagoa da irabazten denean. Gustuko dut sentipen hori. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide