Zarauzko 40. Argazki Rallya egingo dute igande honetan

Aritz Mutiozabal 2023ko maiatzaren 11

Argazki Rallyko sarituak, Torre Luzea aretoan. (Zarauzko Argazkizale Elkarteak)

Izena egunean bertan eman behar da Zarauzko Argazkizale Elkartearen egoitzan, 09:00etatik 10:00etara. 

Fernando Maiztegiren Oroimenezko 40. Argazki Rallya jokatuko dute igande honetan, Zarauzko Argazkizale Elkarteak antolatuta. Parte hartu nahi dutenek argazkizale elkarteak Ebro etxean duen egoitzan eman beharko dute izena egunean bertan, 09:00etatik 10:00etara; helduek 10 euro ordaindu beharko dute, eta 16 urtez azpikoentzat, berriz, doakoa izango da.

Rallya hasi aurretik zehaztuko zaizkie argazkilariei landu beharreko gaiak. Bukaeran, 13:00etatik 14:00etara bitartean, partaide bakoitzak elkartearen egoitzan aurkeztuko ditu bere argazkiak –gehienez ere 36–, eta horiek ordenagailu batera deskargatuko dituzte. Ondoren, astebeteko epean, partaide bakoitzak gai bakoitzari buruz argazki bana aukeratu eta rallyzarautz2022@gmail.com posta elektronikora bidali beharko du.

Irabazleak 160 euro eta Andra Mari Zeruratzearen garaikurra jasoko ditu; bigarren egiten duenak 130 euro eta garaikurra; eta hirugarrenak, 100 euro eta garaikurra. Bestelako bi sari ere banatuko ditu elkarteak: rallyko argazki ederrena egiten duenak 80 euro jasoko ditu, eta 16 urtez azpiko lehen sailkatuak, berriz, garaikurra; sariek dagokien zerga atxikipena izango dute. Sari banaketa ekitaldia ekainaren erdialdean egingo dute Torre Luzea erakusketa aretoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide