Idoia Nogales eta Koldo Aiesta izan dira Zarauzko V. Herri Lasterketako garaileak

Onintza Lete Arrieta 2023ko maiatzaren 7a

Musika Plazatik abiatuta, herrian zehar zazpi kilometroko ibilbidea egin dute 153 korrikalarik, eta antolatzaileek 92 sari banatu dituzte zozketa bidez.

Zarauzko V. Herri Lasterketa jokatu dute 153 korrikalarik gaur 10:00etan Musika Plazatik abiatuta. Zazpi kilometro inguruko buelta egin dute herrian zehar. Aurrena Herrikobarra eta Bizkaia kaleetatik egin dute korrika Salbideraino, eta handik Azken Portura igo eta Itxasmendira joan dira bidegorritik. Astira jarraitu dute, eta baserri bideetatik iritsi dira errepide nagusira, kanpineko biribilgune parera. Errepidea zeharkatu, eta golfeko hormari segika malekoira joan dira. Antoniano parean San Frantzisko kalera hartu dute, eta handik Kale Nagusira, Musika Plazan helmugaratzeko.

Gizonezkoetan Koldo Aiesta izan da bizkorrena (23:00), eta podiuma Mustapha Archaouik (23:21) eta Pau Nacentak (23:29) osatu dute. Emakumezkoetan, berriz, Idoia Nogalesentzat (27:54) izan da garaipena, Lourdes Colomo (28:41) helmugaratu da bigarren, eta Nerea Amilibia aiarra (29:41), hirugarren.

Herritar bizkorrenak, berriz, Guillermo Vahl, Eñaut Errazki eta Ekaitz Tejado izan dira gizonezkoetan, eta Nerea Amilibia, Elena Beristain eta Leire Alkain, emakumezkoetan.

Sailkapen guztiak honako lotura honetan daude ikusgai.

A 3 el Km taldeak antolatzen du lasterketa, eta bosgarren ediziora iritsi direlako "gustura" direla esan dute. "Balorazio oso ona egiten dugu, bost urtez jarraian antolatzen ari garelako lasterketa. Jendea etorri egiten da, eta seinale ona da hori. Korrikalariek ondo erantzuten dute, eta baita laguntza ematen duten dendari eta ostalariek ere; haiek gabe ezingo genukeen hau antolatu", azaldu dute. Aurten, esaterako, 92 sari zozkatu dituzte partaideen artean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide