Literaturiako liburu azokak ireki ditu ateak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko maiatzaren 6a

Irekiera ekitaldian Iruñeko Karrikiri elkartea omendu dute, azken 25 urtetan euskararen alde egindako lanagatik.

Atzo iluntzean abiatu zuten Literaturia eta gaur eguerdian euskarazko liburuen azokak ateak zabaldu ditu Lege Zaharren enparantzan. Argitaletxeetako arduradunak, egileak eta irakurleak bilduko ditu asteburuan euskal letren plazak, eta 15. urteurrenean, azokaren irekiera aprobetxatuz, Literaturiak omenaldia egin dio Iruñeko Karrikiri elkarteari. Izan ere, elkarteak 25 urtetik gorako ibilbidea du eta hasieratik "euskaraz aritzen diren pertsonen bilgunea" izan dela nabarmendu dute Literaturiako antolatzaileek. "Gerora sortu dira beste eragile batzuk, baina Karrikirik guztiak bere baitan biltzen ditu eta elkarlanean aritzen da, gainera. Horrez gain, Literaturiak badu zor moduko bat Karrikiri elkartearekin. Izan ere, liburu azokara argitaletxeak etortzen ez ziren garaian, elkartea arduratu zen horien produktuak eta testigantzak ekartzeaz, Literaturiako azoka gaur egun dena izatera iritsi arte". Literaturiak uste du Karririk 25 urtetan egin duen lana "funtsezkoa" izan dela, eta omenaldi gisa Manu Urbieta eskultoreak propio elkartearentzat sortutako pieza bat oparitu diete oroigarri gisa. "Munduan ez dago horrelako beste piezarik, zuek bezalakorik ez dagoen bezala".

Karrikiri elkarteko Jon Bujandak jaso du oroigarria elkartearen izenean, eta nabarmendu du Karrikirik "Iruñea euskalduna eta Euskal Herri euskalduna" dituela amets eta horretarako lan egiten duela. "27 urteko ibilbidea du elkarteak eta ni hemen nago elkartearen bigarren belaunaldiaren ordezkari gisa; hemen gaude aurretik beste batzuk lan egin dutelako, eta batez ere bi lagun aipatu nahiko nituzke Juan Luis Etxaburu Ondarru eta Belen Juanikorena. Mila esker urte hauetan guztietan egin duzuen lanagatik; omenaldi hau zuentzako da".

Azokan ez ezik, Literaturiak goizean antolatu dituen ekitaldietan ere jende asko bildu dela azpimarratu dute antolatzaileek. "Amaia Elizagoien eta Irati Celestinok 11:00etan Basoko sekretuak ipuin-kontaketa musikatua eskaini dute Etxezabalan eta bete egin dute aretoa. Espero dugu astebururako antolatu ditugu gainontzeko aurkezpenek goizean egin ditugunak bezain besteko arrakasta izatea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide