'Potxoka' liburua plazaratu du Aritz Aranburuk

Jabi Gonzalez Toston 2023ko maiatzaren 3a

'Potxoka' liburua. (aritzaranburu.com)

Javi Muñoz 'Pacotwo' argazkilariarekin elkarlanean osatu du lana eta irudi bidezko kontakizuna egin dute. Horretarako, surflari zarauztarraren argazkiak eta berak eskuz idatzitako hausnarketak jaso dituzte. Interesdunek dagoeneko erosi dezakete online.

Aritz Aranburu surflariak bere ibilbidea argazkietan jasotzen duen liburua kaleratu berri du laguna duen Javi Muñoz 'Pacotwo' argazkilariarekin batera. Potxoka deitu dute eta irudiez gai, surflariak eskuz idatzitako hausnarketak ere jaso dituzte liburuan. Zehazki, Aranburuk 16 urte zituenetik Teahupoora egin zuen azken bidaiara bitartean Pacotwok bere kamerarekin jasotako uneak dira bildu dituztenak, 124 orrialdetan.

Zarauzko surflariak gaur arratsaldean aurkeztuko du jendaurrean Potxoka liburua lehenengo aldiz, Madrilgo Sala Equis aretoan egingo duen ekitaldian. Bihar, berriz, Bartzelonan izango da eta gauza bera egingo du La Barceloneta auzoko Boardriders surf dendan. Euskal Herrian, Sopelanan, egingo du lehenengo aurkezpena etzi eta Donostian eta Zarautzen ditu hitzartuta hurrengoak. Hilaren 11ean Gipuzkoako hiriburuan eta 13an bere jaioterrian, Zarautz 4Teens txapelketaren barruan.

Edonola ere, liburua dagoeneko salgai dago surflariaren web aritzaranburu.com. 35 euroan eskuratu dezakete interesdunek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide