Aiala Zarautz eskubaloi taldeak ezin izan du aurtengo denboraldiko helburua bete. Urrezko Ohorezko Mailara igotzea, alegia. Zilarrezko mailako B multzoko talde onena izan ondoren, OAR Gràcia Sabadellen (Katalunia) aurkako kanporaketa gainditu eta igoera fasea lehen bi taldeen artean amaitzea behar zuen mailaz igotzeko, baina kataluniarren aurka jokatutako bi partidak galdu ditu. Biak ala biak gol bakarraren aldearekin, gainera. Azkena atzo bertan, Aritzbatalden, 23-24ko emaitzarekin.
Hasietatik jarri zitzaion aldapa gora norgehiagoka etxeko taldeari, nahiz eta lehenengo bi golak sartu zituen. Hamargarren minututik aurrera, aurretik jarri zen markagailuan OAR Gràcia eta partida osoan eutsi zion. Atsedenaldira iristerako bost goleko errenta (9-14) zuen. Bigarren zatian zazpi goleko aldea izatera ere iritsi zen kanpoko taldea, baina azken txanpan aldeak murriztu zituen. Dena den, ordurako beranduegi zen partida irabazi eta kanporaketa gainditzeko. Bi golen aldearekin irabaztea behar zuen aurrera egiteko.
Esan behar da, halaber, harmailetan ere izan zela lehia atzokoan; izan ere, etxeko zaleei ez ezik, kanpotarrei ere ozen entzun zitzaien. Dozenaka lagun bertaratu ziren kataluniatik euren taldea bultzatzeko.