Manifestazio jendetsua egin dute ikastolako matrikulazio eskaera guztiak onartu ditzatela eskatzeko

Jabi Gonzalez Toston 2023ko api. 29a, 10:45

Kanpoan geratu diren zortzi familietako gurasoek euren hautua errespetatzeko aldarrikatu dute, beste behin, eta borrokan jarraituko dutela hitz eman dute haiei babesa adieraztera bertaratu diren ehunka lagunen aurrean.

Ehunka lagunek Zarautz herriguneko kaleak hartu zituzten atzo arratsaldean Salbatore Mitxelena ikastolako gurasoak deituta. Matrikulazio eskaera ukatu zaien zortzi familien egoera salatzeko eta guztiak onartu ditzatela eskatzeko egin zuten manifestazioa 18:30 pasatxoan Musika plazatik abiatuta.

Hasitako leku berean amaitu zuten mobilizazioa eta protesta amaitzeko egin zuten irakurketan borrokan jarraituko dutela hitz eman zuten kaltetutako familiek. Hala, jakinarazi zuten datorren astean bilera izango dutela Eusko Jaurlaritzarekin eta errekurtso gehiago jarriko dituztela. "Behar beste ate joko ditugu" azpimarratu zuten. Zentzu horretan, argi utzi zituzten zein diren beren aldarrikapen nagusiak: "Gurasoen hautua errespetatzeko eskatzen dugu eta egindako akatsa zuzentzeko Zarautzen sortu den kalapita orokorra zuzentzeko. Arazorik ez zegoen tokian arazoa sortu dute". Ildo beretik, Orokietan zein Antoniano ikastetxeetan matrikula egin duten gurasoen hautua errespetatzeko eskatu zuten.

Horrez gain, bertaratuei nahiz azken asteotan babesa adierazi dieten harritar guztiei eskerrak eman zizkieten eta bertso aldarrikatzaileak ere bota zituzten kioskora igo ziren bi bertsolarik. Protesta amaitzeko, Behin betiko abestu zuten bertaratu guztiek elkarrekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide