AP-1, AP-8 eta N-636 errepideetako mantenu elektrikorako langileek greba amaitu dute

Jabi Gonzalez Toston 2023ko apirilaren 28a

Ia urtebetez, 363 egunetan, egin dituzte lan uzteak eta bihartik aurrera itzuliko dira lanera enpresarekin akordioa lortu ondoren. Aurrez, azken protesta kontzertua eskaini dute autobideko ordainlekuan.

Bihartik aurrera ez da kontzertu aldarrikatzailerik izango AP-8 autobideko Zarauzko ordainlekuan. Aipatu errepideko, AP-1eko eta N-636ko mantenu elektrikoa egiteaz arduratzen diren langileek eskaini dituzte protesta kontzertu horiek urtebetez. Beren lan baldintzak hobetzeko egin duten 363 eguneko grebak iraun duen bitartean, alegia. Esan behar da, gainera, ia egunero, 07:30etik 11:00etara, egin dituztela musika saioak. Bada, gaurkoa izan da azkena, zeren eta, akordioa lortu dute enpresako zuzendaritzarekin.

Atzo arratsaldean sinatu zuten hitzarmen berria, hain justu, eta urtean 6.000 euro gehiago irabaztea ekarriko dien % 22ko soldata igoera eta azpikontratazioei muga jartzea izan da adostu dutena. Azken horri eman dio garrantzirik handiena Igor San Jose ELA sindikatuko ordezkariak; izan ere, azaldu duenez, "gaur egungo lan taldearen ia erdia dago azpikontratatuta eta sinatutako hitzarmenarekin langile guztiek izango dituzte baldintza berak aurrerantzean".

Bidegi eta Gipuzkoako Aldundiak azpikontratatutako ITS Aldi baterako enpresa-elkartea (ABEE) arduratzen da zerbitzua emateaz, baina horretarako Gertek enpresa azpikontratatzen duela dio San Josek. "22 langiletik hamar dira Gertek enpresakoak eta sinatutako akordioari esker, ITS UTEra subrogatuta egotera pasako dira", zehaztu du ELAko ordezkariak.

Urtebete luzea

Langileak eurak ere pozik azaldu dira iazko maiatzaren 1an hasi zuten borrokari amaiera jarrita; izan ere, "gogorra" egin zaie urtea, baina eskatzen zutena lortu dute. Edonola ere, Manu Sanchezek adierazi du, borrokan jarraituko dutela, "badaudelako oraindik hobetu daitezkeen lan baldintzak". Halaber, aitortu du berria izan dela erabat bizitakoa: "Sekula ez dugu grebarik egin, eta urtebetekoa izan da hau".

Jose Angel Egiluzek, bere aldetik, langileek erakutsi duten indarra nabarmendu nahi izan du: "Ahalduntzea lortu dugu eta enpresaren aurrean beste jarrera bat dugu orain. Bi enpresen artean ematen genuenez zerbitzua banatuta geunden langileak, baina grebak harremanak eraikitzeko balio izan digu eta batu egin gara orain. Horri esker lortu dugu enpresa estutzea".

Ordainlekuan igaro duten urteak anekdota ugarirako ere eman du: "Indarra eman digute klaxonarekin gure aurretik pasatzen ziren guztiek, poliziak hasieran traba ugari jarri zizkigun, baina gerora harreman ona egin dugu haiekin ere, egunero gure aurretik autoan pasatzen ziren bi neskatilek marrazkiak oparitu zizkiguten eta kamioi gidari atzerritar batek ibilgailua geratu eta gurekin bateria jo zuen, beste behin", gogoratu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide