Pagoeta mendi lasterketak hemezortzigarren edizioa izango du aurtengoa, eta inoizko parte hartze handienarekin jokatuko dute igandean; izan ere, 500 korrikalariren langa gaindituko dute lehenengo aldiz. Gainera, are gehiago hazi liteke kopurua, zeren eta oraindik badago lasterketa nagusian izena emateko aukera. Igandean bertan itxiko dute epea. Lasterketa mistoan, ordea, bete egin dituzte 125 bikoteentzako plazak.
Arrakasta horren aurrean, pozik agertu dira antolatzaileak: "Iruditzen zaigu sendotu egin garela lasterketen munduan, eta hori izugarria da guretzat. Antolatzen ditugun bi lasterketetan inoizko izen emate kopuru handienak izatea lortu dugu: ibilbide nagusian, iazkoa zen gure marka onena 262 korrikalarirekin, eta dagoeneko gainditu dugu hori. Gainera, ziur gaude oraindik besteren batzuek ere emango dutela izena. Proba mistoan, berriz, are agerikoagoa izan da gorakada; iaz 89 bikotek parte hartu zuten, eta aurten 125 plazak bete dituzte korrikalariek lehenengo aldiz".
Hain justu, lasterketa mistoa da Salbatore Mitxelena Ikastolak Pagoeta mendi lasterketari egin dion ekarpen nagusia hura antolatzeaz arduratzen denetik. 2016an hartu zion erreleboa ikastolak proba sortu zuen Pagoeta mendizale elkarteari, eta bosgarrenez antolatu dute lasterketa mistoa. Zentzu horretan, antolatzaileek azaldu dute hasieratik izan zuela harrera ona eta jaso izan dituztela deiak lasterketan parte hartu nahi baina bikotea falta zuten korrikalarien aldetik: "Egin izan ditugu bitartekari lanak, baina beti ez dugu bikotea osatzea lortu", azaldu du Gari Urdanpileta talde antolatzaileko kideak.
Lasterketa mistoari lotuta, era berean, "mendi lasterketetan hasteko aproposa" dela dio Mari Beizamak. Hura ere talde antolatzaileko kidea da, eta hark zehaztu duenez, lasterketa mistoak zortzi kilometroko ibilbidea eta desnibel txikia ditu, eta zailtasun teknikorik gabekoa da. "Ariketa fisikoa maiztasunez egiten duen edonork gauza dezake".
Ibilbide nagusiak, aldiz, zailtasun gehiago ditu: 21 kilometroko ibilbide zirkularra da, eta 1.600 metroko desnibel positiboa du. "Lasterketa egiteko hiru orduko muga jarri diegu korrikalariei. Beraz, ez diegu mendian hasiberriak direnei gomendatzen proba; eskarmentu pixka bat behar da", nabarmendu du Beizamak.
Hainbat sari
Lasterketa nagusiko partaideak 09:30ean abiatuko dira Kikara taberna paretik, eta ordu laurden geroago korrika bikotean egingo dutenak. Ohi bezala, lehen hiru helmugaratuentzat izango dira sariak, gizonezkoetan, emakumezkoetan nahiz lasterketa mistoan. Horrez gain, 200 euroko gainsariak ere izango dira ibilbide nagusian marka berria jartzen duten korrikalarientzat. 01:32:37 da gizonezkoek gainditu beharreko denbora, eta 01:59:05 emakumezkoek.
Edonola ere, partaide guztiek izango dute euren saria: "Lasterketak izaera herrikoia izanik, korrikalari guztiek kamiseta, lepokoa eta jaki gozoz osaturiko poltsa jasoko dituzte", zehaztu du Urdanpiletak.
Halaber, hainbat opari zozkatuko dituzte korrikalari guztien artean, eta hamaiketakoa ere eskainiko diete horiei probaren amaieran. Hala, eguraldi euritsua aurreikusten den arren, ikusle dezente bertaratzea espero dute antolatzaileek.