Uztarik oparoena, elikagairik falta ez dadin

Aritz Mutiozabal 2023ko apirilaren 26a

Udal baratze solidarioko boluntarioak. (Aritz Mutiozabal)

2016an jarri zuten martxan Zarauzko udal baratze solidarioa, eta iaz inoizko uztarik onena izan zuten; 2021ekoarekin alderatuta, %85 barazki gehiago bidali zuten elikagaien bankura, Caritasek banatzeko.

Badira zazpi urte Zarauzko udal baratze solidarioa abian jarri zutela. Helburua xumea bezain eskuzabala da: hainbat boluntario lanean aritzen dira Astin dagoen udal partzelan, eta han ereindako barazkiak behar gehien duten herritarrei ematen dizkiete, Caritasen bitartez. Azken urtean ere gogor aritu dira lanean, eta 2022ko uztaren balioa inoizko handiena izan dela nabarmendu du Iñaki Oñatibia baratze solidarioaren sustatzaleak. Guztira, 32.600 eurotan baloraturiko barazki kopurua jaso zuten iaz; hau da, %85eko gehikuntza izan du 2021ean jasotakoarekin alderatuta –17.500 euroko gehikuntza, zehazki–.

Azpiegitura berrien hornikuntzek eragin zuzena izan dute uzta gehikuntzan: batetik, bigarren negutegi bat instalatu ahal izan zuten iaz, eta, bestetik, Arregi familiak utzitako lursail bat kudeatzen hasi ziren, Asti kirolgunearen bukaeran dagoena, bigarren baratzea litzatekeena. Bertan ekoitzitako produktuak elikagaien bankura bideratzen dituzte, eta ondoren, Caritasen bitartez banatzen dituzte herrian. 2022an, batez beste, astero 41 familiari eta 84 pertsonari banatu zizkieten barazkiak.

Azken urtean baratze solidarioan lan egiten aritu diren boluntarioen kopurua handia izan da, baina azken hilabeteetan kopuru hori jaitsi egin dela azaldu du Oñatibiak. "Egun lau jubilatu bakarrik etortzen gara maiztasunez; horrez gain, tarteka erortzen direnak ere badaude. Beraz, urtero bezala, baina agian premia handiagorekin, jubilatu berriei eta ez hain berriei deia egiten diegu gurekin kolaboratzera etortzeko".

Sasoi berria

Aurtengo ekitaldiari begira, 6.000 euroko dirulaguntza jasoko dute udaletik; 3.000 euro betiko baratzeko gastuetarako, eta beste 3.000 euro Arregi lursaileko bigarren baratzeko inbertsioetarako. Iaz, ohiko 3.000 euroko laguntza emateaz gain, 9.000 euroko inbertsioa egin zuen udalak negutegi berria eta txabola eraikitzeko.

2023rako finkatu dituzten helburuen artean, jasotzen duten uztaren balioa 30.063 eurokoa izatea nahiko lukete. Era berean, hiru behar nagusi atzeman dituzte: bata, hiru kolaboratzaile berri lortzea –bata finkoa eta bi noizbehinkakoak–; bigarrena, bigarren baratzerako ura jartzea; eta hirugarrena, logistika arazoari erantzungo liokeen furgonetaren bat lortzea.

"Balorazio humanoa"

Patxi Elola Lankidetza zinegotziak, baratze solidarioak izaten duen etekin ekonomikoaz aparte, "balorazio humanoa eta soziala" azpimarratu nahi izan ditu udalaren izenean: "Bertan aritzen direnen elkartasun lana eskertu nahi dugu". Halaber, Gizarte Zerbitzuetako arduradun Jesus Aranak nabarmendu du baratzeak helburu solidarioa eta ikuspegi komunitarioa dituela, eta proiektu integratzailea dela: "Hiru ardatz horiek egiten dute hau guztia benetan interesgarria eta aberasgarria".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide