Hiribuseko langileek lan baldintzak hobetzeko akordioa lortu dute

Jabi Gonzalez Toston 2023ko apirilaren 26a

Hiribuseko langileak berritutako hitzarmena eskuetan dutela. (ELA)

Asteko lan jardunaldia 35 ordukoa izatea lortu dute eta langileei KPIaren araberako soldata igoera bermatzea. Gipuzkoako bidaiarien garraioan lanaldia murrizteko lortu duten lehenengo hitzarmena da.

Hiribuseko enpresa batzordeak lanaldia murrizteko eta Kontsumo Prezioaren Indizearen (KPI) araberako soldata igoera adostu dute Zarauzko Udalarekin eta zerbitzua kudeatzen duen enpresarekin. Beharginak ordezkatzen dituen ELA sindikatuak jakinarazi duenez, luze negoziatu ondoren, eta greba deialdia tarteko lortu da akordioa. Halaber, zehaztu du datozen 3 urteetan lan jardunaldia 200 ordu murriztea dela hitzartu duten lanaldi murrizketa astean 35 ordukoa izan dadin.

Horren harira, ELAk nabarmendu du lanaldia murrizteak "enplegua sortzea eta bizi baldintza hobeak izatea" dakarrela, eta honakoa ildo horretan lortu den lehen akordioa dela Gipuzkoan. Zentzu horretan, sindikatuak gogoratu du Bizkaiko autobusen zerbitzu publiko gehienetan aspalditik dagoela normalizatuta 35 orduko lanaldia. Era berean, deitoratu du Gipuzkoako bidaiarien garraioaren hitzarmenaren negoziazioak edukirik gabe jarraitzen duela.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide