Ertzaintzak 18, 21 eta 24 urteko hiru gizon atxilotu zituen atzo goizaldean Zarauzko aisialdi gune batean gertatutako ustezko lapurreta eta liskarraren harira. Ohar bidez azaldu dutenez, gizon bat biktimari hurbildu zitzaion eta lepoan zeraman katea lapurtu zion, tirakada bidez. Ondoren, eraso egin zion eta ihes egin zuen. Biktimak jarraitu egin zion eta beste hainbat lagunekin topatu zuen ustezko erasotzailea. Orduan sortu zen aipatu liskarra zeinak hiru zauritu arin utzi zituen. Horietako bat, lapurretaren biktima.
Ertzaintzaren patruilak gertakarien lekura iritsi zirenean, hiru gizon identifikatu eta atxilotu zituzten haien deskribapenak bat zetozelako biktimek eta lekukoek emandakoekin. Hiru atxilotuak ikerketapean dira eta indarkeriaz egindako lapurreta eta lesio delituak egotzi dizkiete. Horrez gain, atxilotuetako bati hirugarren delitu bat ere leporatu diote: Agintaritzaren Agentearen aurkako atentatua, hain zuzen ere.