Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuak gurasoei zuzendutako Gurasotasuna M-z idazten da: maitasuna eta mugak hitzaldi zikloa antolatu du apirilerako eta maiatzerako. Guztira hiru saio izango dira, eta bertan hezkuntzak dituen zutabe nagusiak landuko dituzte: maitasuna eta mugak.
Apirilaren 20an, 27an eta maiatzaren 4an izango dira hitzaldiak, eta, hurrenez hurren, gai hauek landuko dituzte: Mugak ezarriz, emozioak kudeatzen eta Emozioak adierazten: entzute aktiboa eta komunikazioa. Antoniano aretoan izango dira saioak, arratsaldeko 18:00etan, eta hizlari moduan arituko da Virginia Belategi hezkuntza langilea. Saioetara joateko aurrez eman beharko dute izena interesa dutenek, esteka honetan.