Agerraldia egin dute gaur goizean Maiorga Ramirezek, Mikel Goenaga zarauztarrak –otsailera arte Zarauzko Udaleko EH Bilduko zinegotzia– eta Iratxe Lopez de Aberasturik, EAko kritikoetako hiruk. Aurreko astean Gasteizko Lehen Instantziako Hirugarren Epaitegiak bertan behera utzi zuen Eusko Alkartasunak ildo kritikoko lau kideren afiliazioa eten izana –agerraldia egin duten hiruren eta Miren Aranoarena–, eta horren harira egin dute agerraldia.
Maiorga Ramirez kritikoen buruak uste du epaitegiaren ebazpenak –oraindik ez da irmoa– agerian uzten duela EAko idazkari nagusi Eba Blancoren "praktika diktatoriala", eta alderdiko zuzendaritzari eskatu dio udal eta foru hauteskundeen ondoren primarioak deitu ditzala.
Epaiaren harira, EAko zuzendaritzak esan zuen "denbora eta forma akatsak" izan zirela ebazpen horren arrazoia. Kritikoek, ordea, uste dute epaiak argi uzten duela lau kideen parte hartze politikorako eskubidea "urratu" zela.