Maiatz argitaletxeak Idiarten eta Mutiozabalen liburuak argitaratu ditu

Garazi Aduriz/Berria 2023ko api. 12a, 10:00

Aritz Mutiozabal idazle eta kazetari zarauztarra.

Sarako Idazleen Biltzarra aitzin aurkeztu du Maiatz argitaletxeak udaberriko bere uzta: euskarazko proposamenetan Xan Idiarten Nostalgia ez da salgai ipuin bilduma eta Aritz Mutiozabalen Zetakak poesia bilduma atera ditu. Berria egunkariaren erreportajea da hau.

Sarako Idazleen Biltzarra aitzin aurkeztu du Maiatz argitaletxeak udaberriko bere uzta: euskarazko proposamenetan Xan Idiarten Nostalgia ez da salgai ipuin bilduma eta Aritz Mutiozabalen Zetakak poesia bilduma atera ditu. Frantsesez, berriz, Axularren Gero liburuaren frantsesezko itzulpena —Xabi Castorenek egina— eta Gaby Etxebarneren Ma vie à leurs côtés autobiografia. Sarako Biltzarrean topatzen ahal dira lanak. Lucien Etxezaharreta argitaletxeko arduradunak azaldu du Maiatzentzat euskaraz idatziriko obrek toki garrantzitsu bat dutela, baita euskararen eta euskal munduaren kontakizuna egiten duten obrek ere.

Nostalgia ez da salgai ez da Idiarten lehenengo ipuin bilduma; lehena 2021ean argitaratu zuen, Elkar argitaletxearekin: Teresaren mendekua. Zortzi ipuinek osatzen dute lan berria. "Halako umore beltz batekin kontatzen du gure mundua", azaldu du Etxezaharretak. Gai anitz jorratzen ditu ipuinetan Idiartek: "Nahas-mahas handi bat da, baina beti halako alde beltz bat dute, gure munduaren oihartzuna nolabait erakusten dute". Idazlearen "zinemazaletasuna" agertzen da, adibidez. "Zinemagile baten ikuspuntutik Sharon Tate aktorearentzako film bat asmatzen du" ipuinetako batean, eta aktore berak ilustratzen du liburuaren azala. Izenburua, berriz, lehen ipuinetik dator. "Bertan, Sarako Biltzarrean nostalgia baizik ez dela saltzen kontatzen du etsiturik idazleak", azaldu du Etxezaharretak. "Erreferentzia kultural anitz daude liburuan, eta euskara batu eder batean idatzia da", borobildu du.

Poesia lanak argitaratu izan ditu orain arte Aritz Mutiozabal idazle eta kazetari zarauztarrak (Gipuzkoa). Etxezaharretaren arabera, "oso poesia landu bat bezala ikusten ahal da" haren lana. Jada laugarren liburua du Maiatz argitaletxean, Gorren dantzalekua (2013) eta Hutsartea (2016) poesia liburuak, eta Piztiak (2019) narrazio bilduma argitaratu baititu aurretik. Etxezaharretaren ustez, poesia "zaila" da azaltzen, eta liburuan "gogoeta sarkorrak" irakurtzen ahal dira. Jendeak poesiari dion "beldurra" gainditzea espero du.

Irakurri erreportajea osorik Berria.eus atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide