Apirilaren 15etik 30era, sorosle eta lehen sorospenetako ikastaroa eskainiko du DYA Gipuzkoak Zarautzen, herritar orori irekia. Erakundeak ohar bidez jakinarazi du ikastaro egin ahal izateko ez dela beharrezkoa aurrez ezagupenik izatea, eta helburua "egunerokotasunean aurki ditzakegun arrisku egoerei nola erantzun" irakastea izango da: Bihotz eta birika suspertzea edo zauriak, hausturak eta erredurak nola artatu, besteak beste. "Ezagupen oso arruntak dira, baina laguntza asko eman dezakete. Oso modu eroso eta atseginean erakusten dira", azaldu dute. Saioetan teoria eta praktika alderdiak landuko dituzte, eta ikastaro amaierako frogak gainditzen dituztenek DYA Gipuzkoak eskaintzen duen Sorosle Titulua eskuratzeko aukera izango dute.
Ikastaroa Zarauzko DYA Ordezkaritzan izango da, Iturribidea kalea 12-14 zenbakietan, eta matrikularen prezioa 120 eurokoa da, ikastarorako txostena barne delarik. Ikastaroak ikasle kopuru mugatua izango du, ematen den ikastaroaren kalitatea bermatzeko. Izena eman edo informazio gehiago jaso nahi dutenek deitu dezakete 943-46 46 22 telefono zenbakira edo sartu www.dyagipuzkoa.com atarian.