Trena lurperatzeko adierazpen instituzionala onartu du Zarauzko udalbatzak

Juan Luis Romatet 2023ko martxoaren 31

Tren estazioko lanak. (Juan Luis Romatet)

Trena lurperatzeko gaia Zarauzko Udaleko plenora heldu da beste behin ere. Oraingo honetan, baina, trena lurperatzearen aldeko adirazpen instituzionala irakurri zuten batzarrean. 

Bigarren trenbide bat jartzeko lanak egiten ari dira azken aldian Zarautzen. Horrekin batera, herriko eta San Pelaioko geltoki berriak egiteko lanak ere abian ditu ETS Euskal Trenbide Sarea. Zarauztar askoren eskaerak, baina, beste bide batetik doaz: trenbidea lurperatzea eskatzen dute. 

Gaia atzo arratsaldez egindako martxoko batzarrera heldu zen. Oraingo honetan, baina, trena lurperatzearen aldeko adierazpen instituzionala irakurri zuten batzarrean. Akordioa bakarrik ez, hartu beharreko konpromisoak ere jasotzen ditu dokumentuak. 

Hala, irakurritako dokumentuaren arabera, trenbidea lurperatzea "lehentasun estrategikoko beharra" dela adierazten du udalbatzak, eta herritarrek, alderdi politikoek eta Udalak nahiz erakunde eta administrazio eskudunek partekatzen duten eskaera historikoari erantzuten diola". Gai horren inguruan Zarauzko Udalean iraganean hartutako erabakiekin bat egiten duela ere azaldu du egongo Udalbatzak, eta lurperatzearen alde eta hura defendatzeko ekintza guztien alde egingo duela ere iragarri du, "hirigunea igarotzean trenak sortzen dituen arazo guztiak behin betiko konpontzeko".

Adierazpen honen bidez, udalak erakunde eta administrazio eskudunei (ETS, Eusko Jaurlaritza,…) dei egiten die "lurperatze-proiektua beren gain har dezaten eta bertan erabakitasunez parte har dezaten, ekintzak indartuz eta horretarako behar diren baliabideak gaituz".

Herritarren parte-hartzea ahalbidetzeko, interesdun orori trena lurperatzearen inguruan ematen diren "pausuen jarraipena eta kontrola egin ahal izateko informazio zuzena bideratzeko konpromisoa" ere adierazten du dokumentu honek.

Trenbidearen lurperatzea lortu ahal izateko konpromiso batzuk hartzen dituela ere iragarri zuen udalak. Hala, iragarri zuen "berehala" kontsulta ofizial bat egingo diola ETSri, "bere iritzi teknikoa eskatuz Amillubi eta Eguzki Izar eremuetarako aurreikusitako edo onartutako hirigintza-garapenak lurpeko trazaduraren gainazaleko irteerarekin bateragarriak ote diren argitzeko, eta, ondorioz, eremu osoko bide-sarearen birmoldaketarekin. Eskatzea, ondorioz, lotura horretarako behar den eta teknikoki bideragarria den soluzioa zehaztu dezala, hirigintzako planeamendu batek ere baldintzatuko ez duena".

Jaurlaritzari Ayesa Nortek eta Ayesak 2015. urtean egindako azterlan eguneratzeko eskatuko diola ere jasotzen du dokumentuak. "Azterlan horretan aurreko puntuan zehaztutako lotura sartuko da, lurperatzearen behin betiko trazadura finkatzeko". Informazio azterlana 2024rako bukatzea eskatuko dio ETSri, eta ondoren, 2025. urtean, azterlanean jasotzen den trazadura Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspen prozesuaren barruan txertatzeko borondatea erakutsi du, "baita bideragarritasun ekonomikoaren formula egokiena aztertu eta artikulatzeko ere". Konpromiso horiek bide emateko behar diren partidak kontsignatzea ere konpromiso moduan hartu du udalbatzak.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailari eskatuko dio "lurperatze-proiektua bere gain har dezala eta bere programazioan edo inbertsio estrategikoen planean udalerri honetarako lehentasunezko proiektu gisa sar dezala". Jaurlaritzari eskatuko dio, baita ere, "trenbidea lurperatzeko proiektua idazteko espedientea abian jar dezala, horretarako behar den partida bere aurrekontuetan sartuz 2025-26 biurtekoan".

Herritarrek parte hartzeko foro bat abian jartzeko konpromisoa ere hartu du Zarauzko Udalbatzak, "epe laburrean aholku-batzorde bat sortuz". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide