Genero ikuspuntutik Zarautzek dituen gabeziak eta indarguneak jaso ditu udaleko Parekidetasun sailak herriko Mapa Morean. Projecta Urbes enpresak egin du lanketa, baina eragileek, teknikariek eta ordezkari politikoek ere egin dituzte ekarpenak; izan ere, guztiekin egin ditu bilerak prozesua ahalik eta parte hartzaileena izateko. Zentzu horretan, bereziki gustura agertu dira online galdeketak izan zuen erantzunarekin, zabala izan baitzen parte hartzea.
Prozesu guzti horren emaitza gaur aurkeztu dute hedabideen aurrean eta Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak betetzat eman du helburua: "Emakumeon bizimodua errazteko beharrezkoa da betaurreko moreak jarrita egitea herriko azterketa urbanistikoa eta begirada horretatik osatu dugu mapa hau".
Esan bezala, alde negatiboak zein positiboak jaso dituzte Zarauzko Mapa Morean eta dagoeneko kontsultatu daiteke labur.eus/ZMM atari digitalean. Zentzu horretan, Miren Vives Projecta Urbeseko arkitektoak jakinarazi du puntu negatiboenak herriaren hegoaldean identifikatu dituztela, Araba eta Bizkaia kaleen inguran: "Jende asko pasatzen da zonalde horretatik eta gabezia asko seinalatu dituzte herritarrek. Argitasun falta aipatu dute, batez ere, eta ez ditu segurtasun eta irisgarritasun baldintza minimoak betetzen". Kontrara, "naturarekin harreman handiena duten inguruneek jaso dituzte balorazio onenak", zehaztu du Vivesek. "Kosta ingurua, biotopoa edota Vistalegreko parkea aipatu dituzte ongizatea ematen diguten elkarbizitza sustatzen duten leku gisa".
Zehaztu behar da, halaber, antzemandako gabeziak zuzentzeko proposamenak ere egin dituela Project Urbes enpresak azterlanean. Dena den, hobekuntza horiek aurrera eramateko beste prozesu bat zabaldu beharko du udalak; zeren, aurrera eramateko azterketa zehatza egin beharra dagoela azaldu du Parekidetasun zinegotziak. Dena den, hitzeman du "hurrengo urratsa" horixe izango dela.
Emakumeen* Etxeak webgune propioa izango du
Parekidetasun departamentuk jakinarazi du halaber, Zarauzko Emakumeen* Etxeak Webgune propioa (emakumeenetxea.zarautz.eus) izango duela astelehenetik aurrera. Bertan, egingo diren jarduera guztien berri emango dute eta horietan parte hartzeko izena eman ahalko dute interesdunek. Horrez gain, zehaztu dute webguneak laguntza lehenbailehen eskatzeko aukera emango diela indarkeria matxistaren biktimei.
Gauzak horrela, hainbat ataletan banatuko da webgunea eta menu barra erabilita iritsiko da horietako bakoitzera erabiltzailea. Horren harira, Andrea Diez Perez Emakumeen* Etxeko dinamizatzaileak nabarmendu oso erabilerraza izango dela webgunea "bisuala eta intuitiboa" delako.
Gloria Vazquezek, bere aldetik, azpimarratu du webguneak emakume zarauztarrengana ez ezik, inguruko herrietako emakumeengana hurbiltzea ahalbidetuko duela: "Emakumeen* Etxen sarea sortzen lagunduko digu. Azken finean, gisa honetako gero eta espazio gehiago daude eta garrantzitsua da loturak sortzea".