Eskolakide berrien premia

Jabi Gonzalez Toston 2023ko martxoaren 29a

Schola Cantorum abesbatzako kideen emanaldia, Narros jauregiko Gabonetako jaiotzaren aurrean. (Aritz Mutiozabal)

Gabonetako jarduerak antolatzeko batzordea sortu nahi du Zarauzko Schola Cantorum abesbatzak, eta boluntarioak lortu ezean, Errege Magoen desfilea "desagertu" egin litekeela dio.

Schola Cantorum abesbatzak laguntza behar du gauzatu ohi dituen ekintzei eusteko. Kontzertuak eskaintzeaz harago, Narros jauregiko Gabonetako jaiotza ezaguna muntatzeaz edota Errege Magoen desfilea eta Bizar Zuriren etorrera antolatzeaz arduratzen den taldea da Schola Cantorum. Iragan Gabonak, ordea, neketsuak izan dira zentzu horretan; izan ere, jardueretan parte hartu duen boluntario kopurua nabarmen murriztu da.

Egoera horren aurrean, abesbatzak jakinarazi du Gabonetako batzorde moduko bat sortzeko asmoa duela aipatu ekintzak antolatzeko. Azken finean, "desagertzeko arriskua" ikusten du, eta ez du hori gertatzerik nahi. Zentzu horretan, Karmentxu Armendariz Schola Cantorum abesbatzako lehendakariak adierazi du herritar askok ez dakitela nork antolatzen dituen ekintza horiek: "Uste dute udalak antolatzen dituela, baina abesbatzak egiten ditu. Dena den, egia da udalarengandik ere jasotzen dugula laguntza; ekonomikoa, batetik, eta materiala gordetzeko utzi diguten lokala, bestetik".

Schola Cantorumek argi utzi du, era berean, batzorde horretako balizko kideek ez dutela abesbatzan abestu beharrik izango, hala nahi ez badute. Hala eta guztiz ere, jendea kantatzera animatu nahi dutela aitortu du Armendarizek, nahiz eta badakien jende askok ez duela nahi, "elizan" abesten dutelako. Dena den, lehendakariak zehaztu du abesbatzako kide guztiak ez direla fededunak eta musika generoa gustuko dutelako animatu direla abesbatzan kantatzera.

Edonola ere, Schola Cantorumek erabaki du nolabaiteko bereizketa egitea, abesbatzako kide izatea ez dadin lotuta egon Gabonetako ekintzen antolaketan laguntzearekin. Hala, aipatutako batzordean izena eman nahi dutenek s.cantorumzarautz@gmail.com helbidera mezua idatzita egin dezakete. Gainera, animatzen diren boluntarioek ideia berritzaileak ekarriko dituztela uste du Armendarizek.

Abesbatza zahartuta

Schola Cantorumeko lehendakariak azaldu du, halaber, Gabonetako ekintzak gauzatu ahal izateko jende faltaren arrazoi nagusia abesbatzako kideen batez besteko adina dela: "Azkenengo Gabonetan ni izan naiz Errege Magoen desfilearen antolaketa kudeatu duen kide gazteenetakoa, eta 51 urte bete behar ditut. Neketsuak diren lan asko egin behar izaten ditugu –karrozak muntatu eta desmuntatu, adibidez–, eta urte luzez lagundu duten kide askok gaur egun ezin dute".

Azken horren harira, Armendarizek dio COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioak ere antzeman dituztela: "Desfile batetik bestera hiru urte igaro direnez, are ageriagoa izan da hutsunea, batez ere, antolaketa lan horiek utzi dituzten kideetako asko oso aktiboak zirelako".

Armendarizek gogora ekarri du abesbatzakoak ez diren beste hainbat lagunek parte hartu izan dutela desfilearen antolaketan lehenago ere: "Gure senideek lagundu gaituzte, eta ezinbestekoa izan da hori, baina egia da, aldi berean, haientzat ere nekeza dela beti guri laguntzen ibili behar izatea. Horregatik, erabaki dugu deialdia kanpora ere zabaltzea, herri guztira".

Abesbatzako lehendakariak azaldu du kuadrillako lau lagun animatu direla aurtengo desfilean laguntzera eta haiei oso atsegina egin zaiela bizipena: "Desfilea barrutik bizitzean, gozatua hartu eta zirrara berezia sentitu zutela esan zidaten. Jendetza erakartzen du, eta oso giro polita sortzen da. Ilusioa agerikoa izan ohi da herritarren aurpegietan".

Musika emanaldi ugari Aste Santuari begira

Gabonetako oporraldia ez ezik, Aste Santukoa ere mugitua izan ohi da Schola Cantorum abesbatzarentzat, eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Apirilaren 6tik –Ostegun Santua– apirilaren 9ra –Pazko Igandea– Zarauzko Andra Mari Zeruratzearen parroki elizan egunero emango dituzten mezetan abestuko dute.

Gauzak horrela, Aste Santuko lau elizkizun girotuko ditu orotara Schola Cantorum abesbatzak; hain zuzen ere, Ostegun, Ostiral eta Larunbat Santukoak, 19:00etan hasita. Pazko Igandekoa, ordea, goizean egingo dute; 10:30etik aurrera izango da, eta Hendelen Aleluia kanta ezagunarekin emango diote amaiera. Urtean behin, egun horretan abestu ohi dute pieza hori.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide