Play-Eruak Hondartza Futbol Txapelketaren hirugarren edizioa antolatu dute. Bi egunez luzatuko da, apirilaren 15 eta 16an, hain justu ere. 12 eta 16 urte bitarteko gazteek izango dute parte hartzeko aukera. Izan ere, adin horretako gazteek eskolarteko kirolean eta plaieroetan ezin dute jokatu, eta gabezia horri aurre egiteko asmoz antolatu dute hirugarren urtez jarraian txapelketa.
Oraindik, irekita dago inskripzioa. Taldearen informazioarekin honako fitxa hau bete beharko da, eta zalantzaren bat izanez gero, antolakuntza@playeruak.eus helbidera idatzi daitekeela azaldu dute antolatzaileek.
Txapelketako xehetasunak
Gutxienez zazpi eta gehienez hamabiko taldeak osatu beharko dituzte gazteek. Gainera, nahi adina aldaketa egin ahalko dira, hamar minututako bi zatietan. Dena den, taldea mistoa izan dadin, genero bakoitzetik gutxienez hiru jokalarik egon beharko dute uneoro jokatzen.
Kuota modura jokalari bakoitzak azukre paketea, sardina edo atun latak edota olio botila botila eman beharko du txapelketa jokatu ahal izateko. Izen ematean bildutako janari guztia Zarauzko Elikagai Bankuari helaraziko zaio.
Edaria eta janaria banatzeko postu bat jarriko dute txapelketan. Zentzu honetan, partida arteko denbora tartean jokalariek txokolate beroa eta fruta izango dute eskuragarri, indarrak berreskuratzeko. Bigarren postu bat ere izango da. Bertan, Arraio irratiko kideek txapelketa igorriko dute.
Lehiakortasunaz haratago lagunarteko giro bat sortu nahi denez, sariak zozketatu egingo dira parte hartzaileen artean: taldeentzako afariak, surf ikastaroak eta Txuri-Urdinera joateko sarrerak, besteak beste.