Arkaitz Mendi elkartean egongo da urtebetez Txuleta Festa Bandera

Aritz Mutiozabal 2023ko martxoaren 26a

Herriko hamahiru elkarte gastronomikok hartu dute parte gaur eguerdian Txuleta Festa Bandera eskuratzeko erronkan. Hiru laguneko taldetan, txuletak erre eta ergometroan aritu behar izan dute.

Atzo Espainiako parrillero onenaren saria lortu zuen Avilako (Gaztela eta Leon, Espainia) Milano Real hoteleko Roberto Garcia sukaldariak, egun osoa iraun zuen lehiaren ondoren. Gaur eguerdian, berriz, herri mailara ekarri dute lehia Zarautz Arraun Elkarteak eta Gesalaga Okelan enpresak, eta herriko elkarte gastronomikoen arteko erronka jokatu dute. Baina parrillan txuletak erretzen abilak izateaz gain, ergometroan ere iaioak izan behar izan dute talde parte hartzaileek. Izan ere, bi probak izan dira puntuagarriak Txuleta Festa Bandera eskuratzeko.

Guztira, hamahiru elkarte animatu dira herri giroan, eta halaber irabazteko irrikaz jokatu duten egitasmo berrian. Baina irabazlea bakarra izaten da, eta bandera preziatua Arkaitz Mendi ordezkatu duen hirukoarentzat izan da. Bigarren postuan Carballeira elkartea izan da, eta hirugarren Cachi Bachi. Edonola ere, parte hartzaile guztiek jaso dute oroigarria ekitaldi amaieran.

Erronkaren hasieran zozketa bidez egokitu zaio elkarte bakoitzari ze txandetan ekingo zion txuleta erretzeari eta ergometroan mila metroko saioa osatzeari, baita mahai gainean erakusgai zeuden txuleta piezetatik zein tokatuko zitzaion ere. Gaurkoan ere aurpegi ezagunek epamahaia, gaurkoan ordea herrikoak izan dira; besteak beste, Alba Menendez Bera Berako eskubaloi jokalaria, Axi Muniain surflaria, Gari Uranga Hondarribiko arraunlaria eta ZAEko entrenatzaile ohia, Mikel Beristain Amenabarreko eskubaloi jokalaria eta Zigor Argiñano sukaldaria.


"Danborradan aterako dugu bandera"

Inaxio eta Iker Lopetegi aita-semeak eta Nagore Gutierrezek ordezkatu dute Arkaitz Mendi elkartea, eta pozarren igo dira taula gainera haien izena garaile izan dela entzun dutenean. ZAEko presidente Jon Artola eta Zarauzko alkate Xabier Txurrukaren eskutik jaso dute Txuleta Festa Bandera, eta gogotik astindu dute, estropada estua irabazi duen traineruak bezala.

"Elkarteko batzordekide batek komentatu zigun Arkaitz Mendi erronka honetara gonbidatuta zegoela, eta Nagoreri eta bioi parte hartzeko proposatu zigun", azaldu du Inaxio Lopetegik. "Nola edozein ekimenetanparte hartzeko prest gauden, animatu egin ginen", gaineratu du Gutierrezek. Halaxe parrillako suaren kontrolpean jarri dira biak, eta Inaxiok semea ergometroan jarri du egurrean. 

Oso pozik agertu dira garaipenarekin: "Ez dut uste gaurko parrillero onenak gu ginenik, baina semea ongi aritu da arraunean, eta gure txuleta mundiala zen. Guztiaren batura izan da". Elkartean ibiltzen direla, eta hasiberriak behintzat ez direla aitortu dute. Konfiantza puntu batekin etorri direla lehiaketara adierazi dute, baina Gutierrezek dio maila handia nabaritu dutela gainerako lehiakideen artean.

Erronkako azken parte hartzaileak izan dira Arkaitz Mendikoak. Hori ez zaie iruditu abantaila, ezta traba ere. "Guk gure erara prestatu dugu ikatza eta erre dugu txuleta, eta kito!".  Okelaneko adituek ere itxura ona zeukala esan diete platerera ateratzera zihozenean, eta puntuarekin asmatu dutela uste dute.

Orain, urtebetez Txuleta Festa Bandera elkartean izango dute erakusgai, eta "agian, sanpelaioetako danborradan ere aterako dugu astindu batzuk emateko!". Horrelako ekimenak "oso politak bezain aberatsak" direla azpimarratu du bikoteak. "Bazen garaia gauden elkarte gastronomikoen arteko hartu-emana sustatzeko, eta geure artean dugun mailari ikusgarritasuna emateko" , zehaztu du Gutierrezek

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide