Parrillaren usaina oparo barreiatzen ari da Munoan

Aritz Mutiozabal 2023ko mar. 25a, 16:30

Txuleta Festari atzo eman zioten hasiera Zarautz Arraun Elkarteko kideek, eta egundoko giroa sortu da Munoa plazako karpan. Gaur, Maestros Parrilleros lehiaketa jokatzen ari dira Espainiako 52 parrillero onenak.

ZAE Zarautz Arraun Elkartearen 40. urteurrena ospatze aldera, Txuleta Festa ospatzen ari dira asteburu osoan Munoa plazan atondu duten karpan, Gesalaga Okelan enpresa eta klubaren babesle nagusiarekin elkarlanean. Atzo arratsaldean eman zioten hasiera egitasmoari, bertso afari eta guzti, eta bihar arte nahi adina jateko eta edateko aukera izango da, betiere etxeko arraun elkartea laguntze aldera.

Gaur, Gesalaga Okelan enpresaren ekimenez, Maestros Parrilleros lehiaketaren bigarren edizioko finala jokatzen ari dira. Guztira, Espainiako 52 parrillero onenak ari dira nor baino nor; goizean lehendabiziko txanda izan da eta arratsaldean bigarren ariko da jokoan.Epaimahaikideen botoen arabera, sailkapen bat egingo da eta lau parrillero onenek finala jokatuko dute gaur 19:30ean. Ondoren sari banaketa ekitaldia egingo dute.

Epaimahaia oso zabala bezain askotarikoa da; gastronomia arloko jendea dago, hala nola, Narru jatetxeko Gorka Irure zarauztarra, Elkano jatetxeko Aitor Arregi edo Rafa Gorrotxategi gozogile tolosarra, baina baita gastronomiarekin zerikusirik ez dutenak: Ibon Gaztañazpi kazetaria, Leire Martinez abeslaria eta Axi Muniain surflaria edo zenait youtuber ere.

Herriko nahiz kanpoko jende ugari dabil Munoako karpatik, txuletak nola erretzen dituzten ikusten eta argazkiak ateratzen. Baita txuletak edo bestelako jakiak dastatzen ere. ZAEk Txuleta Festa iragarri zuen unetik sortu da halako irrika herrian, eta badirudi erantzun ona edukitzen ari dela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide