Denboraldi berrirako ilusioa eta parekidetasuna

Aritz Mutiozabal 2023ko mar. 25a, 14:00

Jira-Bira Eulen-Nuuk txirrindulari klubak ostegun arratsaldean aurkeztu zuen aurtengo denboraldian lehian ariko diren taldeak, Modelo aretoan eginiko jendaurreko ekitaldian.

Jira-Bira txirrindulari klubak 11 urte bete ditu eta dagoeneko bere bidea urratu du errepideko lasterketetan, gazte mailako gizonezkoen txirrindularientzat talde erreferente bihurtzeraino. Ilusio eta gogo horrekin ekin nahi diote aurtengo denboraldiari ere, eta halaxe aurkeztu ziren David Etxeberria entrenatzaileak prestatzen dituen eta Ismael Etxarri elkarteko alma materrak gidatzen dituen txirrindulariak, ostegunean Modelo aretoan eginiko aurkezpenean.

Aurten, ordea, erronka nahiz aurrerapauso nabarmen bati ekin dio klubak: emakumeen taldea osatu du, bost txirrindularirekin. Xume ekin diote, baina gizonekin abiatu ziren bezala pixkanaka-pixkanaka sendotzen joateko asmoz eta erreferente bihurtzen joateko asmoz. Erreferente emakumezkoen kirolean, baita ikusgarritasuna emateko ere.

Jira-Bira Eulen-Nuuk taldeko txirrindulari gehienak euskal herritarrak dira, nahiz eta Espainiako eta Ertamerikako bat edo beste ere badagoen. Eskualdeko hainbat ere badira: Iñigo Eizagirre, Eli Thomas eta Lide Eizagirre zarauztarrak, Iñaki Arzallus eta Ekain Ajerrista azpeitiarrak eta Ainhoa Usandizaga aiarra.

Ekitaldi amaieran Euskadiko Txirrindulari Federazioko presidente ohi Jaime Hugarte omendu zuten, urte askoa euskal txirrindularitzagatik egindako lan-eskergagatik; besteak beste, Euskadiko Sei Orduak, Euskal Bizikleta eta Donostiako Klasikoa bezalakoak sustatzen ibili zen. Ismael Etxarriren eskutik jaso zuen oroigarria erabat hunkituta. Era berean, Mathieu Hermans txirrindulari mitikoak bere biografia oparitu zion sinatuta.

Aurkezpenean hainbat gonbidatuk hartu zuten parte: besteak beste, Zarauzko Udaleko Parekidetasun zinegotzi Gloria Vazquez eta Kirol zinegiotzi Leire Arana, Gipuzkoako Txirrindulari Federazioko ordezkari Arritxu Iribar, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendari Goizane Alvarez eta Grupo Eulen enpresako arduraduna

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide