Mapa Morea ia prest dago

Jabi Gonzalez Toston 2023ko martxoaren 11

Zarauzko Mapa Morea aukretzeko udaletxe aurrean jarri duten karpa informatiboa. (Jabi Gonzalez Toston)

Hilaren amaieran aurkeztuko dute behin betiko planoa, baina horren aurretik herritarren eskura jarri dute zirriborroa. Karpa informatiboa kokatu dute udaletxearen aurrean eta azken ekarpenak egiteko aukera izan dute herritarrek.

Zarauzko IV. Berdintasun Planean jasotako 98 ekintzetako lehenengoa ia amaitu dute jada, izan ere, azken txanpan sartu da herriko Mapa Morea osatzeko prozesua. Lanketa egin duen Project Urbes enpresak zehaztu duenez, hil honen amaieran aurkeztuko dute azken txostena. Aurretik, hori bai, zirriborroa herritarrei aurkeztu nahi izan diete haien azken ekarpenak jasotzeko.

Horretarako, karpa informatiboa jarri dute udaletxe aurrean eta gustura azaldu dira Project Urbeseko kideak "herritar askok agertu dutelako interesa" eta maparen zirriborroa eraman dutelako etxera. Bertan, herriko 22 gunetako analisia egin dute genero-ikuspegitik eta dituzten ezaugarri positiboak zein negatiboak jaso dituzte lau arlo nagusi aintzat hartuta: segurtasuna, babesa, irisgarritasuna eta mugikortasuna. Balorazioa, berriz, koloreen bitartez egin dute: morea ezaugarri positiboak nabarmentzeko eta gorria negatiboetarako. Horren harira, esan behar da  gaurko karpan mapa handi bat ere jarri dutela gometsekin herritarrei aukera emateko puntu gorri edo moreak gehitzeko.

Edonola ere, zehaztu behar da, karpa informatiboa jartzea ez zela asmoa, hasiera batean. Prozesu parte hartzailean Project Urbesek herritarrekin, eragileekin eta udaleko teknikariekin egin zituen bileretan identifikatu zituzten guneetatik ibilaldia egingo zutela iragarri zuten, baina, azkenean, karpa jartzea erabaki dute dute, esan bezala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide