Bihar aurkeztuko dute Zarauzko Mapa Morearen zirriborroa

Jabi Gonzalez Toston 2023ko martxoaren 10a

Miren Vives Project Urbes enpresako arkitektoa eta Gloria Vazquez Bedintasun zinegotzia Mapa Morea garatzeko bide-orriaren aurkezpenean. (Jabi Gonzlez Toston)

Iazko azaroan onartutako IV. Parekidetasun planaren barruan aurrera eraman duten lehenengo ekintza da eta herrian ibilaldia eginda bertatik bertara azalduko dizkiete herritarrei hartu asmo dituzten neurriak.

Zarauzko Udaleko Berdintasun departamentuak urte hasieran aurkeztu zuen IV. Parekidetasun planean jasotako herriko Mapa Morea osatzeko bide-orria. Bada, aginduko epeak errespetatuz, bihar aurkeztuko dituzte hartuko dituzten neurri zehatzak herritarren aurrean. Horretarako, bi ordu inguruko ibilaldia egingo dute esku-hartzeak egingo dituzten puntuetatik pasatzeko. 11:00etan abiatuko dira Zigordia kaletik.

2013an osatu zuten herriko Puntu Beltzen Mapa eguneratu eta arlo gehiagora zabaltzea du xede Mapa Moreak eta Project Urbes enpresarekin egin du lanketa udalak. Prozesuan, hori bai, herritarren eta eragileen ekarpenak ere jaso dituzte haiekin egin dituzten bileretan. Hala, herriko segurtasun eta irisgarritasun aldetik nahiz zaintza lanetarako herriko eremu desegokienak zein diren identifikatu dituzte. Baita puntu egokienak edo eredugarriak zein diren ere.

Hain justu, gabeziak antzeman dituzten eremuetan hobekuntzak egiteko hartuko dituzten neurriak dira bihar azalduko dituztenak tokian tokira joanda, eta bertaratzeko deia egin diete herritarrei "oso jarduera eraginkorra izaten delako, herritarrek beti izaten baitituzte ideia berriak", Project Urbes enpresako Miren Vives arkitektoaren hitzetan. Azken finean, prozesua ez dago guztitz amaituta eta azken ekarpenak ere baliagarriak izango dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide