Ukrainako gerrari buruzko hitzaldia antolatu du ZarautzOnek biharko

Jabi Gonzalez Toston 2023ko martxoaren 6a

Asier Blas ETBko saio batean. (EITB)

Asier Blas Politika eta Administrazio Zientzietan doktorea izango da hizlaria eta 19.30ean hasiko da saioa Antoniano aretoan. Sarrera doakoa izango da.

Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zenetik urtebete igaro den honetan, gatazkak munduan izan dituen ondorio geoestrategikoak xehetuko ditu Asier Blas EHUko irakasle eta Politika eta Administrazio Zientzietan doktoreak ZarautzOn elkarteak antolatutako hitzaldian. Antoniano aretoan izango da saioa eta 19:30ean hasiko da doako sarrerarekin.

Ezagutza zabaltzea helburu duen Zarauzko elkarteak aurten antolatu duen bigarren konferentzia izango da, eta kideek aurreratu dutenez, Ukrainan gertatzen ari dena elkarrekin konektatutako hiru gatazka autonomo ezkutatzen dituen eztabaida gisa aurkeztuko du hizlariak. "Hiru panpinarekin egindako Matryoshka baten modukoa", zehaztu dute. Hain justu, izen hori eman diote hitzaldiari ere: Ukrainako gerra eta errusiar inbasioa: hiru panpindun matrioxka.

Gauzak horrela, lehenengo panpinak, txikienak, ukrainarren arteko gatazkari egingo dio erreferentzia; izan ere, badira nortasunari loturiko aldeak bertako herritaren artean. Bigarrengoak, berriz, lehenengoa desitxuratu duen Ukrainaren eta Errusiaren arteko gatazkari helduko dio. Edonola ere, hirugarren eta azken panpinean sakonduko du gehien Blasek bere hitzaldian. Estatu Batuen eta Errusiaren arteko borrokaz arituko da bertan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide