Ia 12 mila euro bideratuko ditu Hotz Zarautzek Turkiara eta Siriara

Jabi Gonzalez Toston 2023ko martxoaren 5a

Lurrikarek Turkian eta Sirian kaltetutako eremuetara eramango duten janariaren garraioa ordaintzeko bideratuko du bildu dituen 11.701,55 euroak. (Hotz Zarautz)

Zarauzko GKEa Zaporeak elkarteari eman dio dirua eta lurrikarek kaltetutako eremuetara janaria bidaltzeko garraioa ordaintzeko erabiliko da.

Hotz Zarautz Gobernuz Kanpoko Erakundeak Turkia eta Siriako lurrikaretan kaltetutako pertsonak laguntzeko dirua biltzen aritu da azken asteotan, eta jakinarazi duenez 11.701,55 euro batzea lortu dute guztira. Halaber, zehaztu dute kopuru hori dagoeneko helarazi dietela Zaporeak elkarteari, eta honek, PPS (Siriako herria laguntzeko elkartea) taldearekin elkarlanean, lurrikaretan kaltetutako eremuetara eramango duten janariaren garraioa ordaintzeko erabiliko duela.

Horrez gain, dohaintzak egin dituzten herritarrei eskerrak eman nahi izan dizkie Zarauzko GKEak 7.185 euro eman dituztelako guztira. Aldi berean, 3.000 euroko ekarpena egin duen Iñurritza jubilatuen elkarteari eman dizkie eskerrak, baita azoka solidarioa antolatu duten Salbatore Mitxelena ikastolako ikasleei ere, 1.516,55 euro lortu baitituzte.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide