Aitortu beharreko hegaldia

Aritz Mutiozabal 2023ko martxoaren 1a

Miren Etxabe ekintzaile zarauztarra, Munoa plazan. (Jakin)

Emakume Abertzale Batzako kide Miren Etxabe zena ezagutzera emateko hitzaldia antolatu dute. Etzi izango da, 20:00etan hasita, Modelo aretoan, doako sarrerarekin.

Jakin aldizkariak Emakume Abertzale Batzako bederatzi kideren 1.292 lan ditu digitalizatuta, eta sarean eskuragarri jarri ditu; egitasmoa iazko maiatzaren 6an aurkeztu zuen, erakundearen sorrera egunaren mendeurrenean. "Idatziak utzi dituzten emakumeak aukeratu ditugu. Askoz ere emakume gehiago ziren, milaka eta milaka. Beste batzuk ere badira ezagunak, baina ez idazle edo kazetari ibilitakoak", jakitera eman du Jakin aldizkariko zuzendari Lorea Agirrek. Emakume horietako bat Miren Etxabe da (Zarautz, 1903-1993), bere zenbait testu Lau Uxo ezizenez ere izenpetzen zituena.

Digitalizazio lan guztia Jakinek egin du, eta sareratzen laguntzeko, emakume bakoitzaren jaioterriko udal batzuekin lankidetzan aritu dira. Zarauzko Udalarekin eginiko elkarlanaren haritik, Miren Etxabe ‘Lau Uxo’. Hegaldi baten etena hitzaldia antolatu dute ostiralerako. Modelo aretoan izango da, doako sarrerarekin, 20:00etan, eta Galder Unlazu, Amagoia Gurrutxaga eta Lorea Agirre ariko dira solasean. Ekitaldiaren amaieran, bertsotan jardungo dute Iruri Altzerrekak eta Oihana Iguaranek.

Etxaberen figura ezagutzera emateko baliabide asko eskaintzen dituzten hizlariak izango dituztela nabarmendu du Jakineko zuzendariak. "Herrian inork ez daki zehazki zer bizimodu izan zuen Etxabek, zer egin zuen eta zer ez, non ibili zen... Baina berari buruzko informazio asko dugu. Batetik, Amagoia Gurrutxaga kazetariari esker; 36ko gerrak Zarautzen izan zuen eraginari buruzko bi liburu argitaratu zituen, eta atal bat Etxaberi eskaini zion. Bestetik, Galder Unzalu antropologoa etorriko da, Etxaberen ondorengo zuzena; haren amaren izeba zen. Unzaluk denbora darama izebari buruz ikertzen".

Emakume ‘todoterrenoa’

Emakume abertzalea izan zen Etxabe, eta Emakume Abertzaleen Batzako kidea. 1922an EAJ alderdiaren barruan sortu zen emakumeen alorra izan zen hori, garaiko Irlandako nazionalistek orduantxe sortu zuten emakumeen taldea imitatuz eratua. Emakume Abertzaleen Batza oso inportantea izan zen, eta milaka afiliatu izan zituen Euskal Herri osoan.

"Miren Etxabe todoterrono bat izan zen niretzako. Antolatzaile bat, eta nolabait esateko, alderdiaren, euskararen eta abertzaletasunaren zerbitzura zegoen emakume bat", definitu du Agirrek. Kazetaria, idazlea, antzerkigilea, bertsolaria, Eresoinkako abeslaria eta irrintzilaria, mitinlaria... Ekintzaile sutsua izan zen. Gerra aurreko Zarauzko ekitaldi askotan parte hartu zuen, eta Zarautzen egin zen lehenengo Andereño Idazle Batzarra berak antolatu zuen 1930ean; irekiera hitzaldia ere berak eman zuen. Urte berean, Donostiako Victoria Eugenian Emakumeak eta euskara jardunaldia egin zuten; hizlari nagusia Telesfono Monzon izan zen, eta Etxabe ere aritu zen solasean.

"Neurri handi batean, ideologoa izan zen, ekintzailea, eta oso ausarta". Ez zen Zarautzen soilik izan haren jarduna esanguratsua, baizik eta Euskal Herri osoan, "nahiz eta ez zaion itzal hori aitortu". Tamalez, sasoiko emakume askoren errealitatea hori izan zela azpimarratu du Agirrek.

"Mututasun bikoitza"

Honako hauen lanak digitalizatu ditu Jakinek: Julene Azpeitia, Errose Bustintza, Karmele Errazti, Julia Fernandez Zabaleta, Tene Muxika, Polixene Trabudua, Sorne Untzueta, Elbira Zipitria eta Miren Etxabe. "Gerra aurreko eta ondorengo gizonezkoen lana ezagutzen dugu. Publikatu dute liburuetan edo gerraostean berreskuratu dituzte, eta ez dira ahantzi. Jasota geratu da zein egunkaritan idazten zuten edo zer liburu egin zituzten. Emakumeen kasuan, ez bakarrik Emakume Abertzaleen Batzako kideei dagokienez, mututasuna bikoitza izan da: batetik, gerraren ondorioz, ezkutuan ibili behar izan zutelako, eta bestetik, emakume izateagatik bakarrik, gutxi jaso delako horiek egindako lana. Ondorioz, inork ez daki ezer, inork ez ditu ezagutzen. Beraz, genero arrakalak esplikatzen duen errealitatea da honakoa", azaldu du Agirrek digitalizazioaren xedearen muina mahai gainera ekarrita. Zentzu horretan, ezjakintasuna da nagusi garaiko emakumeek idatzitakoaren inguruan. "Batzuek pentsa dezakete Etxabek gutxi idatzi zuela. Baina, gerra aurretik, zein emakumek idazten zuen? Emakume batek bi artikulu, lau, sei, hamar idaztea eta publikatzea izugarrizkoa zen orduko gizartean. Sekulako iraultza izan zen garai hartan emakumeen aldeko borrokan. Iraultza protofeminista izan zen, gainera. Izan ere, oso konplikatua zen eremu publikora ateratzea, eta bide bat zabaldu zuten. Beraz, baloratu egin behar da emakume haien ekarpena. Batzuetan ez da kantitatea neurtu behar, kalitatea baizik".

Horretara dator Modeloko hitzaldia: Etxaberen bizitza eta hark egindako lana ezagutzera emateko ekitaldia izango da. Agirrek aurreratu duenez, Etxaberen biografia azalduko dute, hark idatzietan, hitzaldietan eta pasarteetan egindako ekarpenetan oinarrituta, eta haren bizitzako pasadizo garrantzitsuak ere kontatuko dituzte. Era berean, gerra aurreko Zarautz nolakoa zen, Emakume Arbertzaleen Batza zer zen, eta Etxabez gain, herriko emakume ekintzaileen berri emango dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide