'Appa Zarautz' galdera-erantzunen jokoa bihar abiatuko dute

Jabi Gonzalez Toston 2023ko otsailaren 28a

Sebas Zurutuza, Asier Aranbarri, Xabier Txurruka eta Iker Basurko, 'Appa zarautz' aplikazioaren aurkezpenean. (Zarauzko Udala)

Martxoaren 18ra arte hartu ahalko dute parte herritarrek eta egunero banatuko dituzte sariak. 24an, berriz, gazteei zuzenduriko amaiera ekitaldi berezia egingo dute Modelo aretoan.

Zarauzko Udalak bihar jarriko du martxan Appa Zarautz galdera-entzunen aplikazioa. Herritarrek, beraz, martxoan sartzearekin batera jokatu ahalko dituzte lehen partidak Egunean Behin jolasaren moldeko Zarauzko lehiaketan.

Hain justu, aipatutako jolas arrakastatsua sortu duen enpresa berak garatu du Appa Zarautz, CodeSyntaxek. Dena den, badira desberdintasunak bi jolasen artean. Zarautzen martxan izango den aplikazioa deskargatzen duten herritarrek zazpi galderari erantzun beharko diete egunero Egunena Behin-eko hamar galderei beharrean eta egunero zozkatuko dute sari bat parte hartzaileen artean. Galderei dagokienez, bestalde, askotarikoak izango dira gaiak: herriko kultura, aisia, demografia, ingurumena, kuriositateak edo euskararen ingurukoak, besteak beste.

Gogoratu behar da, halaber, Martxoaren 24an, egunez egun galdetegi guztiak erantzun duten 14 eta 25 urteko gazteekin amaierako ekitaldia egingo dutela Modelo aretoan. Bertan sari potoloagoak zozkatuko dituzte, gainera: hala nola, herriko ostalaritza eta merkataritzan erosteko bonoak, esperientziak, abenturak eta beste hainbat produktu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide