Zarautz Abesbatzak bere 40. urteurren ospakizunerako entseguei ekingo die bihar

Jabi Gonzalez Toston 2023ko otsailaren 27a

Zarautz Abesbatzako talde argazkia. (Utzitakoa)

Azaroaren 18an egingo dute ekitaldi nagusia Zarauzko Musika Bandarekin batera eta 200 lagun inguru batuko dituen kontzertu erraldoia eskaintzeko asmoa dute.

Zarauzko Abesbatzak 40 urte beteko ditu aurten eta urte osoko emanaldiak ospakizun bihurtu eta urtemuga berezia kontuan izango duten arren, ospakizun ekitaldi bereziago bat antolatzeko lanetan ere badabiltza. Hitzordu horretarako data ere jarri dute dagoeneko: azaroaren 18a. Gainera, Zarauzko Musika Bandako kideak izango dituzte lagun ikuskizunean eta abesbatzako abeslari ohiek parte hartzea ere nahi dute. Hala, 200 pertsona inguru bilduko dituen kontzertu jendetsua ematea da asmoa. 

Bada, martxan jartzeko hasi dira Zarautz Abesbatzako abeslari izandakoekin harremanetan jartzen eta prestatu beharreko partitura eta audioa bidali dizkiete etxera abestiak ikasten joan daitezen. Abesbatzak zehaztu du, halaber, egon liteekela deirik jaso ez duen kide ohirik, eta hori gertatu zaienei eskatu die haiekin harekin harremanetan jartzeko. Horrez gain, maiatza bitartean hilabetean behin, hileko azken asteartean, egingo duten entsegura bertaratzera animatu dituzte.

Hain justu, bihar egingo dute lehen entsegu hori Imanol Urbieta Musika eskolako aretoan eta 115 pertsona inguru espero dituzte. 20:30ean jarri dute hitzordua eta ordu eta erdi ingurukoa izango da saioa. 22:00etan amatuko dute, beraz. Irailetik aurrera, bestalde, gehiagotan elkartzea da abesbatzaren asmoa.

Era berean, Bordelera bidaia ere antolatu dute, 40. urteurrenaren ospakizunen barruan. Apirilak 6tik 10era joango dira bertako Euskal Etxeko Bestalariak abesbatzarekin batera hainbat kontzertu eskaintzeko. Lehen egunean, euskal etxe ondoko plaza batean abestuko dute eta hurrengo egunean, Bordeleko unibertsitateko ospitalean. Gainerako egunak, aldiz, ingurua ezagutzeko baliatuko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide