Merkatua bizi-bizirik!

Aritz Mutiozabal 2023ko otsailaren 25a

120 urte eta gero... Merkatua Bizirik! lelopean, Merkatua Bizirik elkarteak bere sorrera ospatzeko jaia ospatu zuen atzo arratsaldean.

Merkatua Bizirik elkartea abenduan sortu zuten, eta atzo arratsaldean elkartea bera herritarren aurrean ezagutzera emateko festa giroko hitzordua antolatu zuten Merkatu Plazaren atarian, udaletxearen ondoan. 18:00etatik aurrera, oilaskoa parrilan, gazta eta irisagar pintxoak eta txotxeko sagardoa dastatzeko aukera eman zuten antolatzaileek borondatearen truke.

Bien bitartean, herriko hainbat kultur eragilek parte hartu zuten ekitaldia girotzen: Zarautz Trik kultur elkartekoen trikiti doinuekin, Mikel eta Imanol txalapartariak, Arrai Zopakoak kantuan, bertsolariak eta lopetarrak akustikoan.  Jana, edana eta musikaren altzoan, herritar dezente bertaratu zen festaz gozatzera, baina baita merkatuko ekoizleei babesa eskaintzera.

Merkatua Bizirik elkartea bertako hogeita lau negoziotako jabeek osatzen dute, eta festa aprobetxatuko zuten merkatuari buruzko informazioa zabaltzeko. Merkatua biziberritzeko proposamenak eta ekimenak eskaintzeko helburuarekin, alegia. Horrexegatik jarri zioten 120 urte eta gero... Merkatua Bizirik! leloa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide