Mar-Mar Teatroak Arrainak bihotzean haurrentzako antzerkia taularatuko du igande arratsaldean, 16:45etik aurrera, Modelo aretoan. Jatorrizko ideia eta obrak entzungai izango diren poemak Leire Bilbao idazlearenak dira, eta aktore lanetan Irene Hernando, Aritza Rodriguez eta Maitane Serrano ariko dira, Getari Etxegarairen zuzendaritzapean. Ikuskizunean, gainera, txotxongiloek eta panpinek ere bizitza hartuko dute.
Martiren kontakizunean oinarritzen da antzezlana. Protagonistak ez daki non bizi diren beldurrak, eta hortaz lasai bizi da kresal usaina duen herri polit batean. Aita marinela du eta portuan, egun gris batean, bere zain dagoen bitartean, ekaitz batek uretara jaurtitzen du. Hala, bidaia bat hasiko du itsas hondoan zehar, eta horretarako arrainen eta beldurren hizkuntza ikasi beharko du.
Emanaldia hiru urtetik aurrerako haurrei zuzenduta dago, eta sarrerak 4 euro balio du; Modeloko txarteldegian eros daiteke edo Kutxabanken atari digitalean. Bestalde, Zarauzko Udalaren eskutik, bi sarrera bikoitz zozkatuko ditugu; parte hartu nahi duenak bihar eguerdira arte du horretarako aukera.