"Erantzunik onena, indartsuena, zen egunkaria kalean jartzea berriro"

Arantxa Iraola-Berria 2023ko ots. 20a, 10:00

Imanol Murua Uria.

Gaurko egunez duela 20 urte itxi zuten egunkariaren parte zen; lehen lerroan aritu zen Egunero egin zuen taldean ere. Kazeta haren bidea kontatu du orain Imanol Murua Uriak liburu batean. Sortu zen unetik, sorrera bera, erabakigarria izan zen. Berria egunkariak argitaratu duen elkarrizketa da honakoa.

"Traumatikoa" izan zen Egunkaria-ren itxiera. Gertaerari laztasunik ez zaiola kendu behar uste du Imanol Murua Uria kazetariak (Zarautz, Gipuzkoa, 1966). Baina kemena ere izan zen egun hartan, buru argitasuna, konpromisoa. Otsailaren 20 hartan bertan urratsak egin ziren hurrengo egunean berriro kioskoetan egoteko. Egunero kazeta egiteko prozesu hartan lehen lerroan egon ziren lankideetako bat izan zen. EHU Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle ari da egun, eta lehenengo egun horren eta egunkariak kalean egin zituen lau hilabeteen kontakizuna egin du liburu batean: Egunero behar genuen. Unibertsitatean bidea hasi zuenean eginiko lan akademiko batean du sorburua testuak, baina agerikoa da idazkeran kazetariaren begirada, egiteko era. Bertatik bertara ikusi zuen bidearen zati bat; «lehen pertsonan» daude hainbat pasarte. Gainerakoak oinarrituta daude Oskar Angulo, Andres Gostin, Joanmari Larrarte, Pilar Mendibil, Mikel Sorozabal, Igor Sota eta Manex Txopeitia kideei egin zizkien elkarrizketetan; orduan ardura postuak zituzten guztiek, eta denen ikuskerak josita osatu du kontakizuna.

Egunero, batez ere, «katebegia» izan zela adierazi duzu hitzaurrean. Zer esan nahi duzu?

Egunero, bere xumean, egunkari txiki bat izan zen. Bizialdi laburra izan zuen: lau hilabete. Gutxienez hamasei orrialde, eta gehienez ere 32 argitaratzen ziren, zuri-beltzean, erredakzio arrunt batek baino kazetari gutxiagorekin... Kazetari ikuspuntutik, gauza txiki bat zen. Baina nik uste dut denok jabetzen garela; garrantzi handia izan zuen guretzat. Garrantzia izan zuen alde horretatik, bereziki: katebegia izan zen. Ez dakit, uste dut une horretan intuizioa izan zela; ikusten genuen katea ez etetea inportantea zela. Indarrez itxi zigutenean, goiz hartan, aurreneko erabakia, aurrenetakoa, eta denok oso garbi genuena zen hurrengo goizean kalean jarri behar genuela euskarazko egunkaria; itxierari eman geniezaiokeen erantzunik onena, indartsuena, zen egunkaria kalean jartzea berriro. Eta lortu genuen lehenengo egun horretan; mirari txiki bat izan zela esango nuke. Gero, egunez egunez jarraitzea, euskarazko egunkariaren katea ez etetea inportantea izan zen. Egunero-k hori egin zuen; zubi lana izan zen Egunkaria-ren eta Berria-ren artean; hiru egunkari dira, baina proiektua bat da.

1998ko uztailaren 15ean Egin itxi zuten; hurrengo egunean kioskoetara heltzea lortu zuten erredakzio hartako kideek ere. Zer erakutsi zuen bide horrek?

Nik uste dut eragin handia izan zuela. Egunkaria itxi zuten egun hartan bertan, goiz hartan, erabaki hori garbi izan genuen, bagenekielako bost urte lehenago, Egin itxi zutenean, Egin-eko langileek horixe egin zutela: itxierari erantzun zioten Euskadi Informacion hurrengo egunean kalean jarrita, eta izenburuan Egin egingo dugu iragarrita. Kapitulu bat eskaini diot esperientzia horri, garbi ikusten dudalako bidea erakutsi zutela. Eta Egunkaria itxi eta hurrengo egunean, Egin egingo dugu jarri beharrean, Itxia, baina ez isildua jarri genuen guk, antzeko espirituarekin.

Egunero-k jaso zuen babesa izan zen beste ezaugarri nabarmenenetarikoa...

Egunkaria-ren itxieraren erantzunaren kontakizuna egiteko horren inguruan egon zen olatu guztia kontuan hartu behar da. Erantzuna, gainera, ez zen mugatu Egunero ateratzera eta gero BERRIA Sortzera. Hor dago mobilizazio ikaragarri bat, mobilizazio kate bat, ekitaldi pila bat, eta herriz herri antolamendu bat horri erantzuteko... Eremu politikoan ere adostasun handia egon zen gurekin bat egiteko. Elkartasun orokor horren barruan, zentzu praktikoago batean, laguntza handia eduki genuen alor askotan. Egoitzak doan utzi zizkiguten, altzariak, ordenagailuak... Laguntza handia eduki genuen. Gure sektorean ere bai, non inprimatu erabakitzeko orduan-eta. Iruñean inprimatu genuen egunero, baina, badaezpada ere, Guardia Zibila agertuko ote zen ez genekienez, Gara-rekin eta Diario Vasco-rekin ere hitz egin genuen; haiek ere prest zeuden Egunero han inprimatzeko. Aurreneko egunean ez geneukan agendarik, argazkirik, artxiborik, eta beste hedabideetako langileek ere asko lagundu ziguten gutxieneko horiek lortzen. Eta, gero, Egunero-k izan zituen Egunkaria-k eduki zituena baino askoz ere irakurle eta erosle gehiago...

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria-n.

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide