Lau hilabeteko bizitza laburra eta, aldi berean, sutsua izan zuen Egunero egunkariaren nondik norakoak jaso ditu Imanol Murua Uria kazetari zarauztarrak Egunero behar genuen liburuan. Euskaldunon Egunkaria itxi eta biharamunean argitaratu zuten egunkaria izan zen Egunero, eta Berria sortu arte, "katea eten gabe", herritarrak egunero euskaraz informatzea ahalbidetu zuen.
Idazlearen hitzetan, "elkartasuna, atxikimendua eta amorrua" izan ziren Egunero-ren "erregaia", eta egun haien konika da Berriak, Elkar argitaletxeak eta Jakinek Aleka bildumaren barruan argitaratu eta gaur aurkeztu duten liburua. Gainera, Muruak berak aitortu duenez, ez da ausazkoa liburua orain plazaratzea: "Zentzua ikusten diot Egunkariaren itxieraren urteurrenean argitaratzeari, zeren, Eguneroren jaiotza eta heriotza Egunkariaren historiaren parte dira". Hain justu, astelehenean beteko dira 20 urte Euskaldunon Egunkaria itxi zutela.
Horren harira, liburuaren egileak adierazi du "gertaera traumatikoa" izan zela euskarazko hedabidearen itxiera: "Euskararen, euskaldunon, adierazpen askatasunaren eta informazio eskubidearen aurkako bidegabekeria erraldoia izan zen, baita atxilotuen eta torturatuen giza eskubideen kontrakoa ere".
Dena den, perspektibaz begiratuta, irakurketa "positiboa" ere egin daitekeela uste du Muruak: "Horri emandako erantzunean asmatu genuela iruditzen zait. Ez diot Egunerogatik bakarrik, baina Egunero ere hor zegoen". Atxikimendu horren erakusle da "inoiz gehien saldu den euskarazko egunkaria" izan zela, kazetari zarauztarrak zehaztu duenez.
Ikerketa akademikoa oinarria
Muruak azaldu du, halaber, duela hamahiru urte unibertsitaterako egin zuen ikerketa lan akademikoa duela oinarri liburuak: "Orduz geroztik ordenagailuan egon da eta atera eta berridaztea erabaki dut, kazetaritza estilora ekarrita erreportaje luzean bihurtzeko". Horrez gain, lehen pertsonan jaso dituen bizipen propioak ere txertatu dizkio kontakizunari idazleak; izan ere, Euskaldunon Egunkarian zein Eguneron aritu zen kazetari lanetan Murua.
Horri lotuta, kazetari zarauztarrak zehaztu du garai hartan lankide izan zituen zazpi lagun elkarrizketatu zituela unibertsitatean aurkeztu zuen lana osatzeko: "Egunero egunkaria egiteko arlo desberdinen ardura edo protagonismo berezia izan zutelako elkarrizketatu nituen, eta, aldi berean, nahi nuelako istorio bat eraiki ez-erredakzioaz harago zihoana. Horregatik, elkarrizketatu nituenak izan ziren Juan Mari Larrarte enpresaren orokortasunaren ordezkari gisa, Pilar Mendibil ekoizpen arduraduna, Igor Sota publizitate aldetik, Manex Txopeitia banaketa aldetik, Mikel Solozabal gerentea, Oskar Angulo informatikaria eta Andres Gostin erredakzioko koordinatzailea". Hala, Muruak eskerrak eman nahi izan dizkie lankide ohi horiei guztiei, beste behin, "duela hamahiru urte esan zidatena orain erabiltzen utzi didatelako".