Mitxelena kaleko hoditeria berritzeko obrak hasi dituzte

Jabi Gonzalez Toston 2023ko otsailaren 16a

Iban San Martin zinegotzia Mitxelena kaleko hoditeria berritzeko obretan. (Zarauzko Udala).

Trenbidearen parean dagoen bidegorrian egingo dituzte lanak eta Gipuzkoako Urak partzuergoak ordainduko du gehiengoa. Ia 350 mila eurokoa izango da kostua, guztira.

Zarauzko ur hornidura berritzeko lanek aurrera jarraitzen, eta bide horretan, Mitxelena kalean hasi dituzte obrak, orain. Zehazki, hodiak ordezkatzea izango da egingo dutena: orain arteko fibrozementuzkoak zeuden tokian PVCz egindakoak jarriko dituzte.

Obrek hartuko duten eremua Zelai azpibidetik hasi eta Mitxelena kaleko 69. zenbakira artekoa izango da, eta Gipuzkoako Urak partzuergoak finantzatuko du kostuaren zati handiena. Izan ere, 2019an Zarauzko Udalarekin sinatu zuen hitzarmenaren barruan sartzen da azpiegitura honen berritzea ere.

Hori horrela, Urbycolan SL enpresari esleitu dizkiote lanak eta 340.376 eurokoa izango da kostua, orotara. Kopuru horretatik laurdena ordainduko du udalak. 83.565,32 euro zehazki. Horren harira, azaldu dute hoditeria berritu ondoren egin beharko diren lanetarako erabiliko dela diru hori. Gehiago ere zehaztu du Iban San Martin Obra eta Zerbitzuen zinegotziak: "Mitxelena kaleko ur hornidura hobetzeko lan hauek amaitzean, gainean dagoen bidegorria berrituko dugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide