Oihana Ezponda txirrindulari hernaniarrak lortu du denboraldiko lehen garaipena Eulen-Nuuk txirrindulari taldearentzat. Mauleko La Cycloesportive de L'Essor lasterketa irabazi zuen Zarauzko klubeko kide berriak igandeko bere estreinaldian.
Eulen-Nuuken berritasun nagusia da emakumezkoen taldea aurtengo denboraldiari begira, izan ere, ez zuen emakumezkoen talderik orain arte. Gainera, multzoa oraindik ez dago guztiz osatuta, bost txirrindulari soilik batu baitira taldera momentuz. Ezponda azken fitxaketa izan da, hain justu, eta zehaztu behar da igandekoa bere lehen lasterketa izan zela txirrindulari, orain arte triatloian aritu baita. Edonola ere, bistan da egindako apustuak dagoeneko eman dituela lehenengo fruituak.
Gizonezkoek ere Ipar Euskal Herrian pasatu dute asteburua, Donazaharren izan ziren larunbatean eta Maulen igandean. Lau etapako Essor zirkuituaren parte ziren asteburuko bi hitzordu horiek eta taldea lehen hamarren artean amaitu nahi zuen baten bat. Bada, Unai Esparza Lizarrako txirrindulariak larunbatean bete zuen helburua zazpigarren helmugaratuta. Gainera, azken egunean birritan igo zen podiumera Esparza: batetik, tarteko helmugetako irabazlearen maillota jasotzeko, eta, bestetik, euskal txirrindulari onenaren maillota jasotzeko.