360 kilogramo zabor jaso ditu Arkamurkak Iñurritzan

Andrea Zipitria 2023ko otsailaren 11

Iñurritzako eremuan hogei lagun inguru aritu dira goizean plastikoa eta bestelako zaborra biltzen. Antolatzaileek azaldu dutenez, beste urteetan baino zabor gutxiago bildu dute.

Otsailaren 2an Nazioarteko Hezeguneen Eguna izan zen, eta egun horren gertutasuna aprobetxatuta, Hezeguneen Eguna antolatu du laugarrenez, Arkamurkak. Hain zuzen, hezeguneen garrantzia aldarrikatzeko asmoz, zabor bilketa egin dute. 09:00etan elkartu dira hogei boluntario inguru Iñurritza eremua garbitzeko eta goiz osoan zehar, 360 kilogramo zabor jaso dituztela azaldu dute antolatzaileek.

Arkamurkako kideak kontent agertu dira. Izan ere, beste urteetan baino zabor gutxiago antzeman dute Iñurritzan. Hala ere, ingurumena zaintze aldera, zaborrak zakarrontzietara botatzeko deia egin dute. Gehien bildu duten hondakin mota, plastikoa izan da. Antza denez, eskuzapi hezeak ere asko bildu dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide