Giza Eskubideei buruzko kartel erakusketa zabalduko dute gaur Sanz Enean

Aritz Mutiozabal 2023ko otsailaren 9a

Sanz Enea erakusket aretoan ikusgai izango den karteletako bat. (Kultura Zarautz)

Espainiako Estatuko 30 diseinatzailek Amnisitia Internazioala erakundearentzat egindako lanekin osatutako bilduma izango da ikusgai martxoaren 19ra arte.

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak 75 urte beteko ditu datorren abenduaren 10ean, eta urteurren gogoangarriarekin bat eginez, Zarauzko Udaleko Kultura departamentuak gaiarekin lotutako erakusketa berezia antolatu du Sanz Enea kultur etxean. Zehatz-mehatz, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala hedatzeko kartelak izango dira ikusgai gaur arratsaldetik aurrera.

Erakusketa honek 2008an du bere jatorria. Izan ere, adierazpen unibertsalaren 60. urteurrenaren harira, Espainiako Estatuko 30 diseinatzaile ezagunek –tartean, Javier Mariscal, Ivan Zulueta, Peret, Pati Nuñez eta Carlos Rolando, besteak beste– kartel bana egin zuten Amnistia Internazionala gobernuz kanpoko erakundearentzat. Horrela, bilduma altruista bat osatu zuten, non adierazpeneko 30 artikuluak ilustratzen zituzten, herritarrak sentsibilizatzeko xedez.

Zentzu horretan, kartelek gogorarazi nahi dutena da giza eskubideen defentsa eta sustapena pertsona ororen erantzukizuna dela, eta ez soilik nazioarteko erakundeena. "Kontua da giza eskubideak norberarenak eta gertukoak direla onartzea, eta, horrela, eskubideekiko konpromiso iraunkorra sustatzea", nabarmendu dute erakusketaren oharrean.

Adierazpenaren 75. urteurrena betetzen denez, Kultura sailak Amnistia Internazionalaren kartel bildum interesgarria berreskuratu nahi izan du, eta martxoaren 19a bitartean jarriko du erakusgai. Aretoa egunero egongo da zabalik, arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide