Adimen urritasuna dutenentzako zazpi egoitza-plaza berri ireki dituzte herrian

Aritz Mutiozabal 2023ko otsailaren 6a

Markel Olano Diputatu Nagusia eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua, Atzegiren egoitza-plaza bat bisitatzen. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Hilaren hasieran eman zuten jakitera Atzegik eta aldundiak 23 plaza berri zabaldu zituztela Donostian eta Zarautzen. Ondorioz, Gipuzkoan 975 plaza daude guztira.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Atzegik adimen urritasuna duten pertsonentzat 23 plaza berri ireki dituzte Gipuzkoan. Horietatik hamasei Donostian izan dira, eta beste zazpiak Zarautzen. Plaza horiek desgaitasuna duen pertsonentzako egoitza plazen sarean sartu dituzte, eta gaur egun jada 975 plaza daude. Markel Olano diputatu nagusiak azpimarratu du etxebizitza horiek oso garrantzitsuak direla desgaitasun intelektuala duten pertsonen "aukera-berdintasuna eta autonomia" bermatzeko.

Azken hiru urte hauetan, pandemiak eragindako zailtasunak tarteko, aldundiak ehun egoitza-plaza inguru zabaldu ditu. Zentzu horretan, foru-erakundearen “konpromiso irmoa” berretsi du Olanok, desgaitasunari "arreta emateko sarea zabaltzen eta pertsona nahiz une bakoitzaren beharretara egokitzen jarraitzeko".

Atzegik 36 etxebizitza eta 267 plaza kudeatzen ditu Gipuzkoan adimen-urritasuna duten pertsonentzat –140 gizon eta 127 emakume–, lurralde osoan zehar banatuta eta “ingurune komunitarioetan” kokatuta. Atzegiko presidente Mitxel Lakunzak azaldu duenez, egoitza zentro horietan “pertsona ardatz” duen arreta eredu inklusiboa garatzen dute; izan ere, pertsona bakoitzak banakako laguntza plan bat du, baina etxebizitza bakoitzean talde jarduerak ere antolatzen dira, pertsonen arteko harremanak, gizarte partaidetza eta taldearen kohesioa sustatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide