Wao Okiyenanis dokumental laburra aurkeztuko du Ainhoa Zubizarretak (Zarautz, 2000) gaur arratsaldean, 19:00etan hasita, Zarauzko Emakumeen* Etxean. Ikus-entzunezkoaren izenburuak emakumeak waoraniak esan nahi du jatorrizko hizkuntzan, eta, hain justu ere, Amazonian bizi den Ekuador mendebaldeko herrialde amerindiar horretako emakumeen ahotsa jaso du bertan.
Joan den irailaren 10etik 28ra Ekuadorrera eginiko bidaian sortutako proiektua da honakoa. Bidaia hura Laboral Kutxak eta Mundukide gobernuz kanpoko erakundeak elkarlanean antolatu zuten, eta 23-30 urte bitarteko bi mila gazteren artean zozketa egin ondoren, hamar lagun izan ziren Euskal Herritik hara joateko aukera izan zutenak. Zubizarreta, berriz, multzo horretako hamaikagarren kidea izan zen. Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko ikasketak egin zituen, eta ikasle bati hara joateko aukera eman zioten. "Beraz, ni komunikazio arloa lantze aldera joan nintzen beraiekin: han ikusten nuen errealitatea, gero Euskal Herrian zabaltzeko ideiarekin". Hori izan zen dokumentalaren abiapuntua, baina "hara iritsi arte ez genekien zerekin topatuko ginen. Esan ziguten Amazoniako ingurura eramango gintuztela, baina gehiagorik ez".
Kamioi bidez egindako batetik besterako bidaietan, Amazonian jaio eta hazitako emakumeak ezagutu zituen. Hain justu ere, horietako biren testigantzetan oinarrituta dago dokumentala: Mima Omenteque Tega Baihuaren eta Isabel Nomenia Baihua Miiporen bizitzetan.
"Joaten ginen tokira joaten ginela, haiekin egon eta beraien egoera ongi azaldu nahi izaten zuten. Adibidez, Andeetako eremu meatzarietako problematikaren berri eman ziguten. Gero, gu hona etorritakoan hori guztia salatzeko. Gai interesgarri ugari zeuden, baina ez nuen pertsona jakinik ezagutzen istorio horiek kontatzeko", aditzera eman du Zubizarretak. Horrez gain, genero ikuspegia gertutik bizi duen gaia dela nabarmendu du sortzaile gazteak, eta nahiago izan zuela bertako emakumeen egunerokoa jaso.
Eskubide urraketa
"Amazonian petrolioa ateratzen denez, beraien komunitateetatik bidali eta zibilizaziora eraman zituzten. Hor urraketa nabarmena ematen da, eta komunitate horietako emakumeei dagokienez, oraindik eta eskubide gutxiago izatera pasatu dira", kontatu du Zubizarretak. Emakume izateagatik, oraindik ikasteko arazoak dituzte; Amazoniatik hiriburura joateko gazterik ezkondu behar izan zuten; gutxienez bost haur izan behar zituzten, bestela gaizki ikusia zegoen... Bidegabekeria horiek azaleratzen ditu ikus-entzunezkoak, eta, hein batean, "ikusleak kontzientziatzea" du helburua.
Dokumentalaren ondoren, solasaldia egingo dute bidaian parte hartu duten eskualdeko beste zenbait kiderekin batera, "betiere genero ikuspegitik". Zubizarretaz gain, Intza Gurrutxaga getariarra, Zarauzko bizilagun Unai Iradi hernaniarra, Julen Telleria zestoarra eta Ander Iruretagoiena zarauztarrak parte hartuko dute.