Emakumeen* Etxeak prestatutako egitarauren barrua, aste honetarako bi ekitaldi antolatu ditu. Biak ere Emakumeen* Etxean bertan egingo dira.
Bihar, osteguna, 18:30ean hasita, Andrezaharraren Manifestua poema liburua oinarri hartutako hitzaldia eta solasaldia eskainiko du Mari Luz Estebanek. Zahartzeaz eta, bereziki, emakumeen zahartzeaz arituko da Esteban. Horren ondoren eztabaida ere gidatuko du idazleak.
Ostiralean, berriz, 19:00etan hasita, Ainhoa Zubizarreta Iturralde zarauztarrak Wao Okiyenanis dokumentala aurkeztuko du. Ekuadorren 18 egunez egon zen, eta bertako errealitatea jaso nahi izan du. Dokumentalak bi emakume waoraniren testigantzak jasotzen ditu, pairatzen dituzten eskubide urraketak azaleratuz.
Dokumentalaren emanaldiaren ondoren, solasaldia egingo da. Parte hartzaileak Unai Iradi Sarasola, Intza Gurrutxaga Loidi, Julen Telleria Salegi eta Ander Iruretagoyena Castrok izango dira.