Gaur abiatuko dute Cimasub zikloa

Jabi Gonzalez Toston 2023ko otsailaren 1a

Maite Erauskin-Extremianak sortutako Recuérdame ikus-entzunezkoaren irudi bat.

Hiru asteazkenetan emango dituzte ikus-entzunezkoak Zarauzko Modelon, 19:00etan hasita. Horrez gain, argazki erakusketa eta Urpeko Txikizikloa ere antolatu dituzte jaialdiaren barruan.

Zarautzek beste urte batez hartuko du Cimasub Itsaspeko Zinema Zikloa, gaurtik hasita. Egitasmoaren hamahirugarren edizioa da aurtengoa, eta Orain edo inoiz ez leloa hautatu dute arduradunek. Izan ere, gizarteari dei egin nahi diote pentsaera eta ohiturak berehala aldatzera. Horren harira, David Sanchez Cimasubeko zuzendariak argi adierazi zuen zikloaren aurkezpenean zein den helburua: "Irudiaren bitartez, itsas hondoa ezagutarazi eta, aldi berean, zaintzearen beharraz kontzientziatu nahi dugu, egoera larria delako eta okerrera doalako". Ildo beretik, Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak esan zuen zikloa herrian hartuta, "ingurumenarekiko errespetuaren mezua indartu" nahi duela udalak.

Hori horrela, gaur bertan eta hurrengo bi asteazkenetan, otsailaren 8an eta 15ean, mundu osoko itsasoetako eta ozeanoetako egoeraren erakusgarri diren ikus-entzunezkoak ikusteko aukera izango da Modelo aretoan 19:00etatik aurrera. Nazioarteko jaialdietan saritutako film laburrak nahiz dokumentalak emango dituzte, eta doakoa izango da sarrera.

Proiekzioez gain, beste bi jarduera ere antolatu dituzte: batetik, argazki erakusketa Cimasubera aurkeztutako irudi onenekin Merkatu Plazako lehen solairuan, gaurtik otsailaren 16ra, ohiko ordutegian; eta, bestetik, 10 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako Urpeko Txikizikloa, Modelon, gaur 09:30ean eta 10:45ean.

Gaztetxoei zuzendutako jarduera horri esker, Zarauzko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako 300 ikasle inguruk itsaspeko zinemaz gozatzeko aukera izango dute haiei espresuki zuzenduriko edukiekin. 

Egitaraua

Gaur, asteazkena
19:00. Modelo aretoan, ondorengo ikus-entzunezkoak: Galápagos (Olivier Bourgeois), The Reef (Tom Park), Two days in Paradise (Noémie Stroh), Recuérdame (Maite Erauskin-Extramiana), Una visión diferente (Andoni Asenjo Estébanez), Canon C70 (Alex del Olmo eta Lidia Martinez Seara), Once upon a time (Alfred Schaschl), King of Sea (Stéphane Berla), The Origin - Life around the Hot Spring (Claudia Schmitt), Corazón azul (Victor Sanchez Sayago) eta Mission Euridice (Marco Spinelli).

Otsailak 8, asteazkena
19:00. Modelo aretoan, ondorengo ikus-entzunezkoak: French Polynesia (Olivier Bourgeois), Amor Plastónico (Jesus Manuel Martínez Guerrero), A voz do Oceano (Rodrigo Thome), Batangas Philippines (Jose Carlos Rando Lara), Beneath - Morgan (Le Faucheur), The meadow behind our home (Alfred Schaschl), Tiger (Shark) King (Clayton Conn), Rio y el sueño de las ballenas (Julio Junquera Aparicio), Under The Surface (Galang Wahyu Efesus), Reservas Marinas (Felipe Ravina Olivares) eta Sea of Legends (Morgan Maugeri).

Otsailak 15, asteazkena
19:00. Modelo aretoan, ondorengo ikus-entzunezkoak: Seasons in the Pacific Northwest (Juan Francisco Rodriguez), Diaporama edizio honetako argazki onenekin, Plastic Ecosystem (Stefie Gan), Give it a try (Victor Sanchez Sayago), VIP (Mahmood Yazdani Bahramabadi), Malpelo: Mountain of Sharks (Kevin Mannens), Underwater Reel Canon C70 RAW (Alex del Olmo eta Lidia Martinez Seara) eta Salvar Tenerife (Felipe Ravina Olivares).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide