Judo Klub Lizardi taldeak emaitza bikainak lortu zituen asteburuan Legazpin jokatutako Judoko Gipuzkoako Junior Txapelketan. Taldeko bost neskek eta lau mutilek hartu zuten parte eta sei domina zintzilikatu zituzten orotara: urrezko hiru eta zilarrezko beste hiru.
Neskek lortutako emaitzak bereziki azpimarratzekoak dira; izan ere, guztiek lortu zuten domina bana lehiatu ziren kategoriako finalera iritsita. Hala, Lore Austingek, Naiara Villasantek eta Nahia Arregik urrea lortu zuten 78, 70 eta 63 kilo azpiko kategorietan garaipena eskuratuta. Nora Mendibek eta Eva Manzanasek, berriz, zilarra 52 eta 48 kilo azpiko kategorietan, hurrenez hurren. Emaitza horiei esker talde onena izn zen Judo Klub Lizardi nesketan.
Apalagoa izan zen mutilek bildutako uzta. Aritz Austingek soilik lortu zuen domina irabaztea: zilarrezkoa 100 kilo azpiko kategorian. Edonola ere, Unax Mendezek ere lortu zuen nabarmentzekoa den ohorezko bosgarren postua 60 kilo azpikoan. Kontrara, zorte txarragoa izan zuten Xabier Aginagak eta Akram Malghfourrek, kaleratu egin zituzten biak.