Sei urtetik lau urtera murriztu diote espetxe zigorra 2017an sexu erasoa egin zuen gizonari

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 31a, 15:15

2017ko sexu erasoa gaitzesteko Lege Zaharren enparantzan egindako elkarretaratzea. (Aritz Mutiozabal)

San Pelaio festetan gertatu zen sexu erasoa eta adin txikikoa zen biktima. Soilik bai da bai lege berri aplikatuta murriztu diote zigorra erasotzaileari.

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak sei urtetik lau urtera murriztu dio espetxe zigorra 2017ko San Pelaio festetan sexu erasoa egiteagatik kondenatutako gizonari. Espainiako Gobernuak iaz onartu zuten sexu askatasunaren legea aplikatuta, Soilik bai da bai delakoa, murriztu diote zigorra erasotzaileari; izan ere, kondenatu zutenean zigorrik baxuena ezarri zioten, eta, orain, baxuena lau urteko denez, zigorra egokitu diote, defentsak egindako eskaera onartuta. Aipatu legea indarrean sartu zenetik, berau aplikatuta Gipuzkoan zigor bat murriztu duten lehen aldia da honakoa.

2017ko ekainaren 22an izan zen sexu erasoa, Zarauzko etxe "abandonatu" batean. 18 urte zituen erasotzaileak orduan, eta 16 urte neskak. 2020ko urtarrilaren 13an hasi zen epaiketa eta 2021eko urtarrilean jaso zuen akusatuak sei urteko espetxe zigorra. Horrez gain, zazpi urteko urruntze-agindua eta biktimari ordaindu beharreko 10.000 euroko kalte-ordaina ere ezarri zioten. Bi urte beranduago, espetxe zigorra bi urtez murriztu diote, esan bezala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide